Itxi

RADIO EUSKADI

Nafarroako gobernu-ituna PSOEko 'baroi guztiek' ulertu dutela esan du Cerdanek

EITB.EUS | RADIO EUSKADI

Leer en Castellano

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan esan duenez, 'pedagogia' erabili behar izan dute Ferrazen PSNren, Geroa Bairen eta Podemosen arteko ituna ulertarazteko.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Santos Cerdan Espainiako Kongresuko diputatu sozialistak aitortu du Nafarroako Gobernuan adostutako itunaren inguruko oniritzia lortzeko lan asko egin behar izan dutela alderdi barruan. PSNko kidea da, eta Madrilen diputatua izateaz gain, PSOEren Lurralde Antolakuntzarako idazkaria ere bada. Nafarroa eta Madrilen arteko lotura-lanak egiten ditu, beraz.

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan esan duenez, "pedagogia" erabili behar izan dute PSNren, Geroa Bairen eta Podemosen arteko ituna Ferrazen ulertarazteko. Estatu mailan hainbat egoera ulertzea ez da erraza, eta "kazetariei ere" azalpen asko ematea egokitu zaio, horren esanetan.

PSOEren barruan ituna denek ulertu dutela eta Nafarroako Gobernu berriarekin baroi bat ere ez dagoela "ezeroso" gaineratu du. Eskuinak eta eskuineko hedabideek Nafarroako gaiaren inguruan egin duten "erabilera" izan da buruzagi sozialistak haserretu dituena, Cerdanan arabera.

Maria Chivitek legealdi osoari tinko eutsiko diola adierazi du. "Ez dugu aukera hau alferrik galduko", azpimarratu du.

Foru Parlamentuan erabakiak aurrera ateratzeko beharko dituzten gehiengoei buruz galdetuta, Cerdanek garbi esan du "talde guztiekin" hitz egingo dutela, baita EH Bildu eta Navarra Sumarekin ere. 23 parlamentariren babesarekin bakarrik ezingo direla hainbat erabaki aurrera atera badakitela, eta horretarako aukera bakarra ezker abertzaleko koalizioarekin edota eskuineko alderdiak batzen dituenarekin hitz egitea dela onartu du.

Espainiako Gobernu berriaren negoziazioak hizpide, berriz, PSOErentzat lehentasunezko bazkidea Unidas Podemos dela berretsi du, baina alderdi moreak ez omen du koalizio-gobernua osatzeko mahai gainean jarritako aukera aprobetxatzen jakin. "Koalizio-gobernua osatzeko borondaterik ez dutela erakutsi dute", zehaztu du.

Bestalde, lotsagarritzat jo du Ciudadanosek eta PPk Sanchezen inbestidura blokeatzea.

Azkenik, data zehaztu ez badu ere, "datozen asteotan" Espainiako jarduneko presidenteak EAJko ordezkariekin biltzeko asmoa duela aurreratu du.

(Elkarrizketa, osorik. Jatorrizkoa, gaztelaniaz)


Audioak (1)