Espainiako Gobernua
Sanchezek, 'itxaropentsu', 'behar den moduan' jokatzeko eskatu du, bozak saihesteko
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Gobernuak 300 neurri jasoko dituen dokumentua prestatuko du asteburu honetan. Esan bezala, Unidas Podemosek hauteskundeetan agindutako zenbait kontu ere jasoko ditu horrek.
Pedro Sanchez Espainiako presidentea "itxaropentsu" agertu da datorren asteartean aurkeztuko duen eta gainerako alderdiekin eztabaidatu nahi duen gobernu programarekin. Horiei galdegin die egoerak eskatzen duen neurriko jarrera izan dezatela, berriro ere hauteskundeak deitu behar ez izateko.
Horixe da, hain justu, Unidas Podemosek behartuta gaur egingo duen ezohiko bilerara iritsi aurretik adierazi duena. Osoko bilkura horretan, Open Armsen krisiaren aurrean kontuak emateko eskatuko diote Carmen Calvo presidenteordeari.
Abuztuaren 22an Kanariar Uharteetako suteak kaltetutako zonaldean berrekin zion Sanchezek jardun publikoari, oporraldi baten ondotik.
Aitor Esteban EAJko bozeramaileak, bestalde, gaur bertan esan du uztailen amaieratik ez duela Espainiako Gobernuaren edo PSOEren deirik jaso, baina hori esan eta gutxira, Sanchezek baieztatu du asteartetik aurrera, alegia, programa progresista aurkeztu eta jarraian, alderdiekin biltzen hasiko dela.
Gobernua berehala osatzea nahi du gizarte zibilak
Abuztuan zehar hainbat gizarte talderekin hitz egun du Sanchezek, eta horiei guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie eskainitako laguntzagatik. Espainiako presidentearen esanetan, horrek adierazten du Espainian gizarte zibila bizirik dagoela, eta herritarrek dituzten arazoei irtenbidea emango dion gobernu bat nahi duela".
Gizarte zibilak egindako ekarpenekin, Sanchezek eta haren lantaldeak 300 neurri jasoko dituen dokumentua prestatuko dute asteburu honetan. Esan bezala, Unidas Podemosek hauteskundeetan agindutako zenbait kontu ere jasoko ditu horrek.
"Itxaropentsu nago proposamen aurrerakoi, berritzaile eta eraldatzaile bat aurkeztuko dugulako, herrialde gisa landu beharreko zenbait afera garrantzitsu ardatz dituena: berdintasun ezari amaiera ematea, aukerarik ez duen jendearentzako baliabideak bilatzea eta garapen iraunkor bat bermatuko duen ekonomia berritzaile bat finkatzea, besteak beste.