Diputatuen Kongresua
Beharrezko babesa lortzen badu soilik aurkeztuko da Sanchez berriro inbestidurara
agentziak | erredakzioa
Gainera, Isabel Celaa Espainiako Gobernuaren bozeramaileak berretsi du Unidas Podemosekin koalizio gobernua osatzeko aukera dagoeneko ez dagoela mahai gainean.
"Beharrezko babesa lortzen badu" soilik aurkeztuko da Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidentea berriro inbestidurara, Isabel Celaa Gobernuaren bozeramaileak gaur jakinarazi duenez.
Espainiako Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Celaak baztertu egin du, uztaileko porrotaren ostean, Sanchez berriro aurkez daitekeenik inbestidurara nahikoa babesa ziurtatuta izan ezean.
Gainera, berretsi du Unidas Podemosekin koalizio gobernua osatzeko aukera dagoeneko ez dagoela mahai gainean, eta alderdi morearen babesa lortzeko bidea programa akordioa dela orain, Sanchezek asteartean aurkeztuko duen dokumentuan oinarritua.
Celaak akordioa lortzeko esperantza agertu du, Pablo Iglesias Unidas Podemosen buruak atzo egin zuen moduan.
Sanchez hurrengo inbestidura bati begira bilatzen ari den bestelako babesen inguruan galdetuta, Celaak erantzun du litekeena dela datorren astean PRCrekin eta EAJrekin elkartzea.
Oposizioak Sanchezi aurrekanpainan egotea leporatzen diola eta, Celaak ukatu egin du horrela jokatzen ari denik, eta irailean Gobernua osatzeko lanean ari direla azpimarratu du, abuztuaren 15eko zubiko "hiru egun besterik ez" direla egon oporretan.