Ustelkeria
Aguirre eta Cifuentes auzipetu dituzte, Madrilgo PPren finantzazioaren auzian
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Cristina Cifuentesek urriaren 1ean deklaratuko du; eta Esperanza Aguirrek, urriaren 18an. Hainbat hauteskunde-kanpainatan Madrilgo PP legez kanpo finantzatu ote zen ikertzen ari dira.
Esperanza Aguirre eta Cristina Cifuentes Madrilgo erkidegoko presidente ohiak auzipetu egin dituzte Alderdi Popularraren ustezko finantzazio irregularraren auziaren baitan.
Kasua ikertzen ari den Auzitegi Nazionaleko epaileak hala erabakita, Cifuentesek urriaren 1ean deklaratu beharko du; eta Aguirrek, urriaren 18an.
Guardia Zibilak egindako ikerketaren arabera, hainbat enpresabururekin bilera erabakigarriak egin zituzten eta Fundescam fundazioaren bidez egindako ordainketen berri bazeukaten.
Ignacio Gonzalez Madrilgo Gobernuko presidente ohia ere deklaratzera deitu du epaileak. Urriaren 17an izango da. Gonzalez jada ikerketapean zegoen 'Lezo auzian'. Baina orain epaileak 'Punica' eta 'Lezo' auziak pieza bakarrean biltzea erabaki du. Biak Alderdi Popularraren legez kanpoko finantzazioari buruzko dira.
Hiru presidente ohiez gain, beste 30 bat lagun ere auzipetu dituzte, hala nola, Manuel Lamela eta Juan Jose Guemes kontseilari ohiak. Urriaren 14an deklaratuko dute.
Javier Monzon Indra konpainiako presidente ohiak urriaren 4an deklaratuko du.