Itxi

Inbestidura

PSOE eta Unidas Podemosen bilerak ez du fruiturik eman, baina lanean jarraituko dute

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Bileran berretsi dituzten desadostasunak desadostasun, bi alderdiek datozen ordu eta egunetan lanean jarraitzeko konpromisoa agertu dute.

Ione Belarra (Unidas Podemos)

PSOEko eta Unidas Podemoseko (UP) kideek gaur egin duten bilerak ez du fruiturik eman, Espainiako Gobernua osatzeko epemuga betetzeko, hau da, hauteskundeak errepikatzea ekarriko lukeen egunerako, 15 egun geratzen direnean.

Bi aldeak irizpide eta lehentasun kontrajarriak zituztela joan dira enegarren bilerara. PSOEk programa bat adostu nahi du, eta ematekotan, "Estatuko goi erakundeak" kudeatzeko aukera eman nahi dio Pablo Iglesiasi. Unidas Podemosen ustez, programarena "atzerapausoa" da, baina errefusatu egin du erakunde horien ardura bere gain hartzea.

Desadostasunak ez dira arindu, eta Ione Belarra Kongresuko bozeramaileak azaldu du "kezkatuta" daudela ordezkari sozialisten jarrera "mugiezina" delako. Izan ere, "Gobernuan alderdi bakarra" egotearen aldeko jarrera berretsi besterik ez omen dute egin.

"Benetan kezkatuta goaz, hauteskunde programa bat aurkeztu besterik ez dute egin", adierazi du Belarrak batzarraren ostean, Kongresuaren kanpoaldean zeuden kazetarien aurrean.

Gainera, alderdi moreak kritikatu egin du "hirugarren bide" gisa aurkeztu dutena "PSOEk orain arte erakutsi duen bide bakarra" dela, hau da, "alderdi bakarrarena".

Denbora, baina, ez da agortu, eta PSOEren negoziatzaileak gogor kritikatu arren, diputatu nafarrak iragarri du bi alderdiek bilera gehiago egiteko konpromisoa hartu dutela, "hitz egiten jarraitzeko".

Lastra izan da bileraren ostean sozialisten iritzia agertu duena. Bi alderdien artean aldeak izan arren, akordioa "posiblea" da eta "datozen ordu eta egunetan lanean jarraituko dugu", esan du.

Ados jartzeko, batzuek eta besteek proposatzen dutenaren arteko zerbait bilatu beharko dela aitortu du prentsaren aurrean.

Bi aldeek dokumentuak trukatzen eta komunikatzeko bideak irekita izaten jarraitzeko konpromisoa hartu dute, baina "diskrezioz" egin nahi dute.

Albisteak (2)