Kronologia
Altsasu auzia, prozesu judizial amaigabea
eitb.eus
Ohiko bide judizialari amaiera emanez, Altsasuko gazteek ANeko Apelazio Aretoaren aurka aurkeztutako helegitea aztertu du Auzitegi Gorenak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Urriaren 15a da bi guardia zibilen aurka Altsasun izan zen erasoaren hirugarren urteurrena. Prozesu judizial luzea abiatu zen orduan, eta bukatu egin da dagoeneko, ohiko bidetik behintzat. Altsasuko gazteen helegitea irailaren 18an aztertzen hasi eta urriaren 9an jakinarazi du erabakia du Auzitegi Gorenak. Hona hemen Altsasu auziaren kronologia:
2016ko urriak 26
Covite biktimen elkarteak aurkeztutako salaketa terrorismo delitu gisa ikertzeko eskumena duela erabaki zuen Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak.
2016ko azaroak 14
Guardia Zibilak zortzi pertsona atxilotu zituen ustezko erasotzaileak zirelakoan, 'Ausiki' operazioan.
2016ko azaroak 22
Carmen Lamela epaileak bederatzi gazte auzipetu zituen.
2016ko abenduak 20
Oraindik behin-behineko espetxealdian ziren lau atxilotu libre karguekin utzi zituen Lamelak.
2017ko martxoak 24
Nafarroako Auzitegiak ez du erasoan terrorismo "zantzurik" ikusten, eta ikertzeko eskumenaren inguruan galdetzeko eskatzen dio epaileari, auzia Iruñean bideratzeko eta ez Auzitegi Nazionalean.
2017ko apirilak 5
Kartzelan zeuden hiru gazteak baldintzapean aske uztea ukatu zuten epaitegiek. "Bidegabekeria are handiagoa" egiten duen "burugogorkeria krudela", gazteen gurasoek salatu zutenez. Era berean, prozedura gelditzeko eskakizuna atzera bota zuen epaileak.
2017ko apirilak 1
Erasoa ikertzeko eskumena Auzitegi Nazionalak duela ebatzi zuen Gorenak.
2017ko irailak 27
Altsasu auzia Nafarroan epaitzea eskatu zuten 46 eragilek.
2017ko azaroak 14
Auzitegi Nazionalaren "inpartzialtasun" falta salatu zuten zortzi gazteen abokatuek.
2018ko otsailak 24
Altsasu auzia salatzeko martxa, Nafarroan zehar.
2018ko martxoak 2
Concepcion Espejel Auzitegi Nazionaleko magistratuaren errekusazioa eskatu zuten gazteen defentsek, "epaile inpartzial bat izateko eskubidea bermatzeko", baina eskakizuna atzera bota zuten "garaiz kanpo" aurkezteagatik.
2018ko apirilak 14
Milaka pertsonak manifestazioa egin zuten Iruñean, Altsasukoak Aske kolektiboak eta gazteen senideek deituta. "Ez da terrorismoa. Justizia. Altsasukoak aske" lelopean, protesta jendetsua izan zen; 50.000 manifestari baino gehiago, deitzaileen arabera, 38.000 baino gehiago, Udaltzaingoaren esanetan.
2018ko apirilak 16
Zortzi akusatuen aurkako epaiketa abiatzen da Auzitegi Nazionalean, terrorismoa leporatuta. 12 eta 62 urte arteko espetxe-zigor eskaerak jartzen dituzte mahai gainean. Epaiketak hamar saio izan zituen, eta 50 bat lekukok deklaratu zuten.
2018ko ekainak 1
Auzitegi Nazionalak zortzi akusatuak zigortu zituen, eta bi eta 13 urte arteko espetxe-zigorra ezarri zizkien.
2018ko ekainak 5
Oraindik aske ziren lau zigortuak atxilotu zituen Guardia Zibilak: Iñaki Abad (13 urteko zigorra), Aratz Urrizola, Julen Goikoetxea eta Jon Ander Cob (bederatzi urte). Berehala espetxeratzeko agindua eman zuen Auzitegi Nazionalak.
2018ko ekainak 16
80.000 pertsonak manifestazio historikoa egin zuten Iruñean, Altsasu auziko zigorrak salatzeko eta zortzi gazteentzako justizia eskatzeko.
2018ko ekainak 23
Zortzi gazte zigortuak aske uztea eskatu zuten mila pertsona baino gehiagok Madrilen.
2018ko uztailak 24
Auzitegi Nazionalak hiru gazteri behin-behineko espetxealdia luzatu zien.
2018ko irailak 7
Altsasu auziko preso guztiak Euskal Herriko espetxeetara ekartzeko prozesua bukatzen da, Zaballako (Araba) eta Iruñeko kartzeletara, hain zuzen ere.
2018ko urriak 15
Epaia berriz aztertu behar zuen Auzitegi Nazionalaren aretoko magistratuen errekusazioa eskatu zuten gazteen abokatu gehienek.
2018ko urriak 29
Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak eta Mahaiak adierazpen instituzionala onartu zuten, Altsasuko herriarekin egindako "manipulazioa" salatzeko eta bertako herritarrei babesa adierazteko.
2018ko abenduak 17
Apelazio Aretoko hiru magistraturen kontra aurkeztutako errekusazioa atzera bota zuen Auzitegi Nazionalak, eta gazteen defentsei 600 euroko isuna ezarri zien, baita prozeduraren kostuak ordaintzera zigortu ere, "asmo txarrarekin" ekitea egotzita.
2019ko otsailak 13
Epaia irmoa izan bitartean zortzi gazteak aske uztea eskatu zuen Eusko Legebiltzarrak, "neurriz kanpoko zigorrak" eta "espetxealdi luzea" ikusita.
2019ko martxoak 7
Auzitegi Nazionaleko Apelazio Aretoak 13 urte arteko espetxe-zigorrak berretsi zituen, eta terrorismorik izan ez zela baieztatu zuen. Iñaki Abadi zigorra hiru urte murriztu zion, sei urtera arte.
2019ko martxoak 21
"Auzitegi Nazionalean helegitea aurkeztu ondotik, epai berriaren basakeria" kritikatu zuen Altsasu Gurasoak plataformak Bruselan.
2019ko martxoak 24
Milaka pertsonak manifestazioa egin zuten Altsasun -60.000, antolatzaileen arabera- "Hau ez da justizia!" lelopean, zortzi gazteei ezarritako zigorren aurka protesta egiteko.
2019ko martxoak 28
Auzitegi Nazionaleko Apelazio Aretoaren aurrean helegiterik ez aurkezteko erabakia hartu zuen Fiskaltzak, horretarako epea agortu ondoren. Honenbestez, terrorismo deliturik izan ez zela onartu zuen Fiskaltzak, sententziak azaldu bezala.
2019ko uztailak 3
Auzitegi Nazionalaren epaia baieztatzeko eskatzen dio Fiskaltzak Auzitegi Gorenari.
2019ko abuztuak 10
Altsasuko gazteen askatasuna aldarrikatzen dute ehunka pertsonak Beriain mendiaren tontorrean, Jokin Unamunok, Oihan Arnanzek eta Adur Ramirez de Aldak espetxean 1.000 egun bete zituzten egunean.
2019ko irailaren 18
Auzitegi Goreneko Zigor Arloko bost epailek osatu dute epaimahai bat Altsasuko gazteek jarritako helegitea aztertzen hasi dira.
2019ko urriak 9
Auzitegi Gorenak jakinarazi egin du erabakia, zortzi akusatuek Auzitegi Nazionaleko Apelazio Aretoak emandako ebazpenaren aurrean jarritako helegitea dela eta, zortziei zigorrak murriztuta, baina espetxealdia luzea izanik espetxean mantenduta.