Pedro Sanchezen inbestidura
Sanchezek hauteskundeak saihesteko 'azken segundora arte’ lan egingo duela esan du
Agentziak
Pablo Iglesiasek, berriz, koalizioa lortzeko akordioa adosteko laguntza eskaini dio berriro Sanchezi.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak hauteskunderik ez duela nahi eta Gobernu "indartsu, batu eta koherentea" nahi duela esan du gaur. Gainera, legealdi egonkorra lortu nahi duela eta horretarako "azken segundora arte" lan egingo duela azpimarratu du.
Kongresuko osoko bilkuran alderdiei erantzuteko txandan azaldu duenez, "Gobernua osatzeko interes handiena nik neuk daukat", baina hori jarduneko Gobernuaren mende egon ezean, Kongresuko 350 diputaturen esku dagoela gaineratu du.
Horrenbestez, Sanchezek "blokeoa alde batera utzi" eta "Gobernu progresista bat" osatzen laguntzeko eskatu die "oposizioko alderdi nagusiei", Espainiak beharrezkoak dituen "eraldaketa nagusiei" adostasun zabalez ekiteko.
Sanchezek inbestidura lortzeko zailtasunen harira hitz egin du asteazken honetan. PSOEko buruzagia 'brexit'aren inguruan egindako azken goi-bileretan Espainiak izandako jarrera azaltzeko agerraldia egin du Kongresuko osoko bilkuran.
Agerraldi horretan, PP, Ciudadanos eta Unidas Podemos alderdiei norbere jarreren inguruan gogoeta egiteko eta Europari begira beren jarrera aldatzeko eskatu die. Izan ere, maiatzeko hauteskundeek ere "aritmetika konplexua" utzi zuten, baina emaitza horiek ez zuten agintaritza banatzea eragotzi.
Unidas Podemosen arabera, PSOE eta Podemosen talde negoziatzaileen arteko atzoko bileraren porrotak ez du zertan hauteskundeak aurreratzea ekarri behar, "oraindik akordioa lortzeko astia baitago".
Pablo Iglesias Podemoseko buruak koalizioa lortzeko akordioa adosteko laguntza eskaini dio berriro Sanchezi. Ildo horretan, Italiako eredua kopiatzeko eskatu dio PSOEko hautagaiari, Italian PD alderdiak M5S mugimenduarekin koalizio gobernua osatu baitu.