TERRORISMO JIHADISTA
Beltran de Herediak prebentzioa aldarrikatu du erradikalizazioari aurre egiteko
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak Terrorismo Jihadistaren Nazioarteko I. Kongresuan parte hartu du, Ficoban.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak prebentzioa aldarrikatu du erradikalizazioaren eta terrorismoaren mehatxuei aurre egiteko. Haren esanetan, polizia jazarpena eta babes neurri eraginkorrak ezinbestekoak badira ere, batez ere prebentzio politiken bidez egin behar zaie aurre arrisku horiei. "Polizia prebentzioa eta prebentzio soziala, mehatxu edo indarkeria terrorista bihur daitezkeen erradikalizazio prozesuak gerta ez daitezen edo, gertatzen badira ere, arriskuak ahalik eta gehien minimiza daitezen", gaineratu du.
Gaur hasi eta ostiralera bitartean Irungo Ficoban egingo den Terrorismo Jihadistaren Nazioarteko I. Kongresuan parte hartu du Beltran de Heredia sailburuak. Biltzarraren helburua, besteak beste, terrorismo jihadistaren aurka borroka egiteko eta erradikalizazio prozesuak eragozteko egiten den lana publikoki erakustea da.
Segurtasun sailburuak azpimarratu duenez, Ertzaintzak 2014an jarri zuen abian islamismo erradikalaren aurkako plan estrategikoa. Haren hitzetan, terrorismo islamikoa ez da urrutiko gatazketara mugatzen den nazioarteko auzi bat: "Azken hamarkadak agerian utzi du Europa ez dagoela mehatxu horretatik salbu".
Gaur-gaurkoz, Espainiak laugarren alerta mailari eusten dio, atentatu arriskua tarteko. Beltran de Herediaren esanetan, Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan arriskua "espezifikoa eta zehatza" ez bada ere, Ertzaintzak Europako poliziekin partekatzen duen kezka bat da.
Segurtasun Sailaren izenean, sailburuarekin batera Irunen izan dira Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordea, Gervasio Gabirondo Ertzaintzaren zuzendaria, Josu Bujanda Ertzaintzaren burua eta Jon Ziarsolo Inteligentzia Bulego Nagusiko burua.
Eusko Jaurlaritzaren izenean, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetza idazkariak eta Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak ere parte hartu dute. Halaber, kongresuaren hirugarren eta azken egunean, hilaren 13an, Iñigo Urkullu lehendakariak parte hartuko du bertan.