Itxi

Diada

Batasuna eta aldebakarreko bidea berreskuratzea eskatu die ANCk alderdi subiranistei

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Bartzelonako Udaltzaingoaren arabera, 600.000 lagunek hartu dute parte Diadako manifestazioan; Kataluniako prozesua hasi zenetik, kopururik txikiena da aurtengoa.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Batasuna eta aldebakarreko bidea berreskuratzea eskatu die Assemblea Nacional Catalana (ANC) erakunde independentistak alderdi subiranistei, asteazken honetan, Diadako manifestazioan, Bartzelonan. Kataluniako hiriburuko Udaltzaingoak zabaldu duenez, 600.000 lagunek hartu dute parte mobilizazioan; prozesua hasi zenetik, kopururik txikiena da hori.

Aste gutxi falta dira Auzitegi Gorenak 'proces' auziko epaia jakinarazteko, eta indar independentistek espero dute epai horrek mobilizazio aldarrikatzaile handi gehiago bultzatzea; testuinguru horretan, 2019ko Diadak balio izan du neurtzeko nolako gogo-aldarte duten subiranistek. Nolabait, indar horiek zurtuta daude; izan ere, tirabirak eta elkarren arteko gaitzespenak izan dira alderdi subiranistetako eragile nagusien artean, batez ere JxCaten eta ERCren artean. Bi alderdi horiek, oraingoz, ez dute adostu estrategia bateraturik, prozesuko buruzagientzako balizko zigorren aurrean; CUPek, bitartean, aldebakarreko bidea albo batera utzi izana leporatzen die.

Zatiketa horren isla izan da, azken egunotan, ERCko presidente Oriol Junquerasek (prebentziozko kartzelan dago, epaiaren zain) eta Belgikan dagoen Generalitateko presidente ohi Carles Puigdemontek izandako polemika; eztabaidatu dute komenigarria den ala ez Katalunian aurreratutako hauteskundeak deitzea, Gorenari erantzuteko.

2012tik hona urtero egin duenez, ANCk antolatu du Diadako manifestazio handi eta jendetsua; aurtengo goiburua izan da "Independentzia Helburu", "batasun estrategikoa" galdegiteko.

Jendaurreko eztabaida "apurrak banatzeagatik"

Elisenda Paluzie da orain ANCko presidentea, eta Maria Cristina etorbideko oholtzatik aurpegiratu die alderdiei "jendaurrean" ari direla eztabaidatzen "apurrak banatzeagatik". Horren ordez, Paluzieren esanetan, independentziaren alde lan egin beharko lukete; independentziaren helburua, aldiz, ez dago 2017ko urrian baino gertuago, urrunago baizik.

ANCk antolatu dituen manifestazio guztiak aztertuta, Paluziek onartu egin du aurtengoa "zailena" izan dela, "uzkurduragatik, desilusioagatik eta alderdien zatiketengatik"; erakundeko presidenteak eskatu die alderdiei "ez desarmatzeko" independentziarako aldebakarreko bidea, "inoiz gauzatzen ez den edo erabateko engainua den elkarrizketa baten itxaropenak sortuz".

ANCko presidentearen hitzak entzunda, bertan zegoen jendeak "atzerako pausorik ez" ematea eskatu dio, oihuka.

Paluziek gogora ekarri du zer lortu zuen mugimendu independentistak 2017ko urriaren 1ean, eta nabarmendu du hori guztia Estatuaren baimenik gabe egin zutela: "Orduan egin genuen erreferendumari zilegitasuna kentzen zaio, eta aldebakarreko bidea, hau da, inoizko urrutien iristeko aukera eman zigun bidea, egunetik egunera ari dira desarmatzen. Gure agintariei eskatzen dizuegu gu ez desarmatzeko", esan du.

Manifestazio oso jendetsua, baina ez aurreko urteotakoak bezainbeste

Paluziek aipamena egin dio "desilusioari"; horrek ekarri du aurreko urteotan baino jende gutxiago egotea manifestazioan. Dena den, Bartzelonako Udaltzaingoak emandako kopuruak argi uzten du independentismoak mobilizazio-gaitasun oso nabarmena izaten jarraitzen duela.

Aurten 600.000 manifestari izan dira; azken bi urteotan, 2017an eta 2018an, milioi bat parte-hartzaile izan ziren. 2012an, 1,5 milioi lagunek hartu zuten parte; 2013an, 1,6 milioik; 2014an, 1,8 milioik; 2015ean, 1,4 milioik; eta 800.000 lagunek baino gehiagok, 2016an.

Manifestazioan parte hartu aurretik, Quim Torra Generalitateko presidenteak adierazi du Diadak abiapuntu zehaztu duela, eta nabarmendu du, hemendik aurrera, bere ekintza politikoko erdigunea "independentziaren helburua" eta "autodeterminazioa erabiltzea" izango direla: "Gaur, etapa baten amaiera da, eta epaiei erantzuten hasi gara", bermatu du. Goizean, Torrak Rafael Casanovaren lore-eskaintzan hartu du parte.

Istiluak, Kataluniako Parlamentuaren aurrean, manifestazioa amaituta

Manifestazioa amaituta, eta sare sozialen bidez Errepublikaren Defentsa Batzordeek (CDRk) deituta, 300 bat lagun bildu dira Kataluniako Parlamentuaren aurrean; Esquadra Mosoen dozenaka agente zeuden zaintzen eraikina.

Elkarretaratzea 21:30 aldera desegin dute; aurretik, istiluak izan dira.

Ciutadellaren kanpoaldean amaitu da dena (Parlamentua Ciutadellan dago); hainbat agentek sakabanatu dituzte manifestariak. Ekintzaileek harriak bota dituzte, eta hiru kazetarik kolpeak jaso dituzte.

BIDEOA | Diadako manifestazioa amaitu ondoren istiluak izan dira Parlamentaren aurrean

Kataluniako Gobernuaren eta Parlamentuaren ekitaldi instituzionalak "preso politikoen eta erbesteratuen askatasuna" aldarrikatu du

Bestalde, atzo egitekoa zen eta euriaren eraginez bertan behera gelditu zen Generalitatearen eta Kataluniako Parlamentuaren ekitaldi ofiziala gaur gauean egin dute, toki eta ordu berean. Ekitaldia 22:00etan hasi da Bartzelonako Sant Jaume plazan "Tornarem" lelopean. Ekitaldian "preso politikoen eta erbesteratuen askatasuna" aldarrikatu dute, maleta sinbolo eta hari gisa hartuta.

Quim Torra Generalitateko presidentea eta Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea ez ezik, Ada Colau Bartzelonako alkatea, Parlamentuko Mahaiko kideak eta alderdi independentistetako ordezkariak ere bertan izan dira.

Ekitaldia 'senyera' Generalitateko jauregiko balkoira igoz hasi dute, Kataluniako Gazte Abesbatzak (Cor Jove Nacional) "Cant de la Senyera" abesten zuen bitartean. Ondoren, gaueko lehen bideoa erakutsi dute.

"Ez da gauza bera bidaia bat egiteko maleta bat prestatzea edo erbestera edo kartzelara joateko egitea. Maleta itxaropenez eta etorkizunez betetzen duten presoak, errefuxiatuak eta erbesteratuak daude. Askatasuna kentzen badiete edo etxetik botatzen badituzte ere, ezin diete grina, aldarri bat edo hitz emandakoa kendu: Itzuliko gara" esan du off-eko ahots batek.

"Pensament" abestiaren ondotik, historian zehar erbestean izan direnen irudiak ikusi ahal izan dira. Segidan, espetxean (Jordi Sanchez, Jordi Cuixart, Jordi Turull, Raül Romeva, Josep Rull, Oriol Junqueras, Dolors Bassa eta Carme Forcadell) edota erbestean (Marta Rovira, Lluis Puig, Toni Comin, Meritxell Serret, Carles Puigdemont) dauden buruzagi independentisten bideoak erakutsi dituzte.

Ekitaldia amaitzeko "Els Segadors" abestia entzun ahal izan da. Amaieran, independentzia oihuak ere izan dira.

ARGAZKI GALERIA | Diada 2019

Albisteak (2)

Bideoak (2)

Galeriak (1)