ESPAINIAKO GOBERNUA
Espainiako erregeak gaur abiatuko du bilera erronda Kongresuko alderdiekin
Agentziak | Erredakzioa
Felipe VI.a zortzi bozeramailerekin elkartuko da astelehenean, tartean, Javier Esparzarekin (Navarra Suma) eta Aitor Estebanekin (EAJ). Asteartean, alderdi handienen txanda izango da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Felipe VI.a Espainiako erregeak Kongresuan ordezkaritza duten hamabost alderdi politikoetako ordezkariekin bilduko da gaur-biharretan. Bilerak Zarzuela jauregian egingo ditu erregeak, Espainiako Gobernuko presidente izateko hautagai nor izan daitekeen aztertu eta hautagai bat proposatzeko. Hautagairik proposatu ezean, hauteskundeak deituko dituzte azaroaren 10erako.
Ekaineko bilera errondan gertatu bezala, Jose Maria Mazon Kantabriako Alderdi Erregionalistaren (PRC) ordezkaria izango da Espainiako erregearekin elkartzen lehena, 10:00etan. Haren atzetik joango dira Joan Baldovi (Compromis), Juantxo Lopez de Uralde (Equo, Unidas Podemos), Javier Esparza (UPN, Navarra Suma). Arratsaldean, 16:30etik aurrera, Zarzuela jauregitik igaroko dira Ana Oramas (Coalicion Canaria), Yolanda Diaz (Galicia en Común, Unidas Podemos), Alberto Garzon (Izquierda Unida, Unidas Podemos) eta Aitor Esteban (EAJ).
Bihar, asteartea, alderdi handienen txanda izango da. 10:00etan hasiko du lehen bilera Laura Borras Junts per Catalunyako ordezkariarekin. Haren ondoren joango dira Jaume Asens (En Comu), Santiago Abascal (Vox) eta Pablo Iglesias (Podemos). Arratsaldean, ostera, Albert Rivera (Ciudadanos), Pablo Casado (PP) eta Pedro Sanchezekin (PSOE). Azken batzarra 18:00etan hasiko da.
ERCko eta EH Bilduko bozeramaileek uko egin diote Espainiako erregearekin elkartzeari.
Irailaren 23an bukatuko da porrot egindako inbestidura baten ostean Kongresuak presidente bat hautatzeko Konstituzioaren 99. artikuluak ezartzen duen bi hilabeteko epea.
Presidentea inbestitzeko akordioa balego, osoko bilkura irailaren 20a baino lehen egin beharko lukete.