Itxi

PP-ren biltzarra

EAEko PPk Euskadi eta Espainia lotzen dituen 'foralismo konstituzionala' babesten du

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Euskadiko PPren biltzarra giro nahasiarekin hasi da, Cayetana Alvarez de Toledok egindako kritiken ondorioz. Borja Semperrek gogor erantzun dio Alderdi Popularrak Kongresuan duen bozeramaileari.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Ostiral arratsaldean hasitako konbentzioan onartuko den txosten politikoan, Euskadiko PPk babesten du “foralismo konstituzionala”; izan ere, Kontzertu Ekonomikoarekin batera, EAEko hiru lurraldeetako herritarrak elkarren artean batu egiten ditu, eta, halaber, EAEko herritarrak Espainiako gainerako herritarrekin ere elkartzen ditu.

Txostena larunbatean onartuko du Euskadiko PPk; ostegun honetan, PPk Kongresuan duen bozeramaileak, Cayetana Alvarez de Toledok, galdetu ziotenean EAEko PPren "berezko profilaz", esan zuen profil hori "akats larria" irudituko litzaiokeela, baldin eta horrek oinarri izango balu esatea ordenamendu konstituzionalaren zilegitasunak "komuneko subiranotasunarekin edo Konstituzioarekin berarekin loturik ez dauden gordetako gune batzuk" dituela; gordetako gune horiek aurretiko eskubide historiko batzuekin egongo lirateke loturik, eta horixe izango litzateke akatsa, Alvarez de Toledoren iritziz.

Sortutako polemikoaren ostean, Alvarez de Toledoren inguruaren hainbat iturrik zehaztu diote Eferi bozeramaileak ez duela uste EAEko PPk foruen alde egitea akatsa denik; akatsa, aldiz, bada atxikitzea ikuspegi nazionalista jakin batzuei, alegia, foralismoa Konstituzioaren gainetik dagoela uste duten ikuspegiei.

Biltzarraren lehen saioa hasi aurretik, eta Alvarez de Toledoren adierazpen horien harira, Borja Semper Gipuzkoako PPko presidenteak eskatu dio bere alderdiak Kongresuan duen bozeramaileari hitz horiek "zuzentzeko"; izan ere, esan duenez, "oso mingarria" da EAEko PPren ibilbidea zalantzan jartzea.

"PPk foralismoarekin, deszentralizatutako Espainiarekin, eta autonomietako Espainiarekin duen konpromisoa zalantzan jartzea PPren ibilbidea ez ezagutzea da", nabarmendu du Semperrek. "Guk haragiarekin, izerdiarekin eta malkoekin ordaindu dugu Konstituzioa eta Espainia pluralaren ideia Euskadin defendatzea, eta segur aski batzuk moketa bigunetan ibiltzen ziren bitartean guk bizitza jokoan genuen, Konstituzioa eta elkarbizitza hemen defendatuz", nabarmendu du.

Foralismoa, Konstituzioaren, Kontzertu Ekonomiaren, autogobernuaren eta euskal erakundeen barnean

EAEko PPk, txosten politikoan, foralismoa aldarrikatzen du, Konstituzioaren, Kontzertu Ekonomiaren, autogobernuaren eta euskal erakundeen barnean; aseguratzen duenez, "PP nazionalaren eskutik" egin izan du sortu zenetik, eta azpimarratzen du subiranotasun nazionalaren defentsa aktiboa lotuta dagoela "Espainiako lurraldeen aniztasuna" onartzearekin.

Ildo horretan, txostenak mahaigaineratzen du Gernikako Estatutua dela "balaztarik onena", subiranismoak eta independentismoak bultzatutako "hausturako eta zatiketako" egitasmoen aurrean; nabarmendu ere nabarmentzen du Euskadiko sustraiak babesten dituela: sustrai horiek "foralismoaren, historiaren eta liberalismoaren sinonimoak dira", baina EAJ bezalako alderdiak saiatzen dira saltzen "nazionalismoa balira bezala".

Hortaz, argi uzten du foralismoa aldarrikatzea ez dela "amore ematea" nazionalismoaren aurrean, eta berresten du alderdi bezala duen berezko nortasuna; izan ere, alderdi guztiek dute nortasun jakin bat: "PPk berak ere badu, bat Madrilen, beste bat Galizian, eta beste bat Euskadin”.

Foralismo konstituzionala babestea, baina, Euskadiko gaitasun ekonomikoa eta politikoa garatzeko baliabiderik onena da; izan ere, "Euskadi indartsu egoteak esan nahi du Espainia ere indartsu dagoela", eta, horrez gain, foralismo horrek arabarrak, bizkaitarrak eta gipuzkoarrak batzen ditu, elkarren artean, "eta euskal herritarrak Espainiako gainerako herritarrekin ere elkartzen ditu".

Euskal lurraldeetako eskubide historikoek, beraz, EAEko PPren iritziz, "Estatuaren boterea mugatzen dute", eta, ondorioz, onartzen dute eskubide horiei baliotasuna ematen dien nazioaren subiranotasuna.

Egitasmo konstituzionalista "ahulduta"

EAEko PPk onartzen du egitasmo konstituzionalista "ahulduta" dagoela Euskadin; haren iritziz, Euskadiko PPk soilik du gaitasuna egoera hori iraultzeko. Ohartarazten du, halaber, hazteko eta indartzeko "aldeak zehaztu" behar dituela, euskal alderdi nazionalistekin eta beste hainbat alderdi nazionalekin; hain zuzen ere, aldeak zehaztu beharko dituzte beste nazionalismo mota baten alde egiten duten alderdi nazionalekin, Espainiako ideiarekin bat egiten ez dutelako, foralismoan eta Konstituzioan ez baitaude oinarrituta.

"Hazi eta indartzeko, modu bakarra dago: aurrera egitea EAEko PPren eta, hortaz, PP osoaren ideiekin bat datorren eta beti erakutsi izan dugun errotzearekin adeitsuak diren erabilgarritasun-politikak egitea eskatzen duen gehiengo sozial batekin identifikatuz", dio txostenak; EAEko PPren aburuz, euren egitasmo politikoa garatzeko, gakoak dira "errotzea, zentralitatea eta erabilgarritasuna".

Memoriari dagokionez, Euskadiko PPk aldarrikatzen du terrorismoaren biktimek duten "esanahi politiko sakona", eta argi uzten du inoiz ez diola utziko eskatzeari "memoria duina, eta ETAren krimenen erreparazio bidezko bat".

Ezker abertzaleak "errugabetu eta justifikatzen dituela" ETAren atentatuak

Salatzen du ezker abertzaleak "errugabetu eta justifikatzen dituela" ETAren atentatuak, distantziakidetasuna arbuiatzen du, eta deitoratzen du "Euskadin ordezkaritza duten indar guztiek, PPk izan ezik" baliotasun demokratikoa eman diotela EH Bilduri, nahiz eta alderdi hori "gizakien hilketa selektiboa" Espainian justifikatzen duen bakarra den.

Gainera, deitoratzen du “euskal gizartearen hainbat eremutan”, eta “agintarien pasibotasunaren aurrean”, oraindik ere badago “azpikultura totalitario bat”; horrek, PPren ustez, “benetako askatasuna eragozten du”. Horregatik guztiagatik, alderdiak arbuiatzen du ETAren historia zuritzen saiatzea, eta omenaldia egin nahi due ETAk eraildako PPko karguak; horien gomuta, egunez egun, alderdi horren konpromiso politikoari adorea ematen dio.

Konbentzioari larunbatean emango diote amaiera; itxiera-ekitaldian Pablo Casado PPko liderrak eta EAEko PPko presidente Alfonso Alonsok hartuko dute parte.

BIDEOA | Euskadiko PPk hautesleen konfiantza berreskuratu nahi du

 

Albisteak (5)

Bideoak (2)