Itxi

RADIO EUSKADI

Alvarez de Toledok foralitateari buruz esandakoak gaitzetsi dituzte euskal alderdiek

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Laura Garridok esan du Euskadiko popularrek foralitatearen inguruan duten diskurtsoa beti babestu duela Espainiako PPk, eta garrantzia kendu die Alvarez de Toledok esandakoek.

Radio Euskadi, gaur. Argazkia: EiTB.

Hautsak harrotu ditu Cayetana Alavarez de Toledo PPk Espainiako Kongresuan duen eledunak foruen inguruan esandakoak.  Horren iritzian,"oso larria" da EAEko PPk foruak babestea eta izaera propioa nahi izatea.

Adierazpen horiek izan dituzte hizpide, besteak beste, gaur Radio Euskadiko tertulia politikoan, eta alderdi guztietako ordezkariek gogor kritikatu dituzte buruzagi popularraren hitzak. Laura Garrido PPko legebiltzarkidearen arabera, "guztiz desegokiak" izan ziren bere alderdikidearen hitzak, eta PPren barruan inork ez duela Alvarez de Toledok esandakoen alde egin azpimarratu du.

Garridoren arabera, Espainiako PPk beti babestu izan ditu lurraldeetako foruak eta, EAEren kasuan, baita Kontzertu Ekonomikoa ere. Hortaz, Kongresuko diputatuak esandakoa "zerbait isolatua" izan dela uste du.

Luis Javier Telleria legebiltzarkide jeltzaleak ohartarazi duenez, bestalde, Espainiako hainbat alderdi eskuindar "Estatuaren uniformizazioaren" aldeko "mugimenduak" egiten ari dira, eta horren baitan kokatu ditu Alvarez de Toledoren adierazpenak.

Ildo beretik mintzatu da Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidea. Horren arabera, Espainiako eskuinak lurraldetasunari eta lurralde historikoen eskubideei buruzko diskurtsoa gogortu egin du, eta geroz eta mezu atzerakoiagoak zabaltzen ari dira.

Elkarrekin Podemoseko Jon Hernandezek ere uste du nazio aniztasuna inoiz errespetatu ez duten sektore eskuindarren isla dagoela foruen kontrako mezu horretan, eta Jose Antonio Pastor PSE-EEko kidearen ustez, oso kezkagarria da buruzagi popular batek "Espainiari buruzko ikuspegi hori izatea".
 

Albisteak (2)