Itxi

Avila

Urdangarin astean bitan aterako da espetxetik boluntario lanak egiteko

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Palmako duke ohia zortzi orduz aterako da egunero, Espetxe-zaintzako epailearen erabakiaren arabera. Fiskaltza, berriz, erabaki horren aurka agertu da.

Iñaki Urdangarin artxiboko argazki batean. Argazkia: EFE

Gaztela eta Leongo Espetxe-zaintzako 1. Epaitegiak Avilako kartzelatik ateratzeko baimena eman dio Iñaki Urdangarini; horrenbestez, Palmako duke ohia astean bitan atera ahal izango da, zortzi orduz, boluntario gisa lan egiteko. Fiskaltza, berriz, erabaki horren aurka agertu da.

Gaztela eta Leongo Justizia Auzitegi Nagusiak agiri batean jakinarazi duenez, Espetxe-zaintzako epailearen erabakiaren arabera, bizitza erregimena eta espetxealdia betetzeko modua ez dago presoaren borondatearen mende, espetxe-legerian arautua baitago eta Administrazioak nahitaez ezartzen baitu, eta horren hutsegiteak diziplina-zehapena  dakar.

Iñaki Urdangarin 2018ko ekainean sartu zen Brievako espetxean, eta handik bi hilabetera Espetxe Zuzendaritzak bigarren gradua eman zion. Auzitegi Gorenak bost urte eta hamar hilabeteko zigorra jarri zion, Noos auzian.

Horrenbestez, Espetxe-zaintzako Epaitegiak Urdangarinek jarritako errekurtsoa onartu du kartzelatik kanpo boluntariotza lanak egiteko.

Epai irmoa

Auzitegi Goreneko Zigor Aretoak aho batez berretsi zuen Iñaki Urdangarinen kontrako espetxe-zigorra. Hala ere, Noos auziagatik lehen instantzian ezarri zioten 6 urte eta 3 hilabeteko kartzela zigorra bost hilabetean arindu zuen: guztira, 5 urte eta 10 hilabete. Palmako Auzitegiak prebarikazio delitua, diru publikoa bidegabe erabiltzea, dokumentu publikoak faltsutzea, influentzia trafikoa eta Ogasun Publikoaren kontrako bi delitu leporatu zizkion lehen instantzian.

Gorenak dokumentu publikoak faltsutzearen delitutik absolbitu du Urdangarin, bere parte-hartzea frogatu ez dela argudiatuta. Espetxe-zigorraz gain, Urdangarinek milioi bat euro inguru ordaindu beharko du isunak eta kalte-ordainak aintzat hartuta.

Albisteak (1)