Itxi

Eusko Legebiltzarrean

Estatutua aitortzea eskatuko du Urkulluk politika orokorreko eztabaidan

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Autogobernua eguneratzeko akordioa eskatuko du, baita iraganari buruzko hausnarketa kritiko globala osatzea, ETAren indarkeria esplizituki barne hartuta.

Iñigo Urkullu artxiboko argazki batean: Irekia

Iñigo Urkullu lehendakariak autogobernua aitortzea eskatuko du datorren ostiraleko Eusko Legebiltzarreko politika orokorreko ezabaidan. Halaber, Gernikako Estatutua osorik betetzea eta autogobernuaren akordioa zabaltzea eta euskal autogobernua eguneratzea eta sakontzea eskatuko du. Gainera, iraganari buruzko hausnarketa kritiko globala osatzea nahi du lehendakariak, ETAren indarkeria esplizituki barne hartuta eta, lehendabiziko aldiz, indar politiko guztiek partekatzeko modukoa. 

Lehendakariak bere hitzaldiaren funtsezko ildoak bidali ditu astearte honetan Eusko Legebiltzarrera politika orokorraren eztabaidaren harira. Eusko Jaurlaritzaren ekimen nagusiak azpimarratu eta gobernu-programaren betetze-mailaz hitz egingo du lehendakariak. Guztira, Jaurlaritzak lau ardatz nagusi ditu: giza garapena; hazkunde jasangarria; bizikidetza eta giza eskubideak, eta autogobernua.

Halaber, legealdiko azken urte honetan garatu beharreko ekimen nagusiak jorratuko ditu Urkulluk. Gernikako Estatutua osorik betetzea, autogobernua aitortzea, Programaren helburu funtsezko bat dela, eta erakundeen babes zabala duela, baita Eusko Legebiltzarraren aldetik ere, babestuko du lehendakariak.

Autogobernua aitortzeak, halaber, hura osorik bete dadin eskatzen jarraitzea dakar. Aurtengo urtarrilean, Espainiako Gobernuak, lehen aldiz, egutegi bat eta plan bat onartu zituen, egiteko zeuden transferentziak Euskadira eskualdatzeko.

Gainera, Autogobernuko Lantaldeak aurrera jarraitzen du eta, baita ere, Legebiltzarreko bost taldeek izendatu dituzten adituen taldeak. Helburua da "barneko akordioa zabaltzea eta euskal autogobernua eguneratzea eta sakontzea".

Elkarbizitza

Bizikidetzaren harira, iraganari buruzko hausnarketa kritiko globala osatzea du helburu; "ETAren indarkeria esplizituki barne hartuta eta, lehendabiziko aldiz, indar politiko guztiek partekatzeko modukoa". Memoriaren eta biktimen aitorpenaren eta erreparazioaren arloan adostasuna lortzeko eraikuntza- eta partaidetza-espazioak handitzen jarraituko dutela azaldu du. Bizikidetzarako eta giza eskubideetarako hezkuntza eta kultura bultzatzen jarraituko dute, etorkizunari eta desafio berriei aurrea hartzeko.

Bestalde, ekosistema hobetzen jarraitzea eta etorkizun ekonomiko berri bat eraikitzen laguntzeko lanean jarraituko duela esan du: "Langabezia-tasa % 10etik behera murriztea akuilu bat da enplegu gehiago eta kalitate handiagokoa lortzeko lanean segitzeko. Hori da Jaurlaritzaren eta Herriaren lehentasuna", esan du. "Enpresei laguntzea, industrian lehiakortasuna irabaztea, merkatu globalean bidea irekitzea, berritzea. Euskadiko ekonomiaren ekosistema hobetzeko bideak dira", gaineratu du.

Giza garapeneko ekimenen harira, emakumeen eta gizonen berdintasuna indartzeko eta emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko lege-proiektua onartuko dutela esan du. Baita Hezkuntzari buruzko lege-aurreproiektua, etorkizuneko euskal hezkuntza-sistemaren oinarria, hain zuzen. 

Albisteak (1)