A10
Nola egin etxeko postontzian hauteskunde propaganda ez jasotzeko
eitb.eus
Estatistikako Institutu Nazionaleko webgunean, zein udaletan, bulego kontsularretan eta Hautesle Erroldaren Bulegoaren probintzia-ordezkaritzetan egin daiteke eskaera.
Hauteskunde propaganda etxeko postontzian ez jasotzeko 112.000 lagun baino gehiagoren eskaera jaso du jada Estatistikako Institutu Nazionalak. Sare sozialetan ere, azaroaren 10eko hauteskundeak direla-eta, hainbat kanpaina abiatu dituzte alderdiek propaganda bidali ez dezaten eskatzeko; izan ere, hauteskunde berrien kostua 140 milioi euro ingurukoa izango da.
Propaganda saihesteko aukera apirilaren 28ko hauteskundeetan erabili zen aurrenekoz, 2018an Hauteskunde Araubide Orokorraren Lege Organikoa berritu ostean.
Eskaera udaletan, bulego kontsularretan eta Hautesle Erroldaren Bulegoaren probintzia-ordezkaritzetan egin daiteke zuzenean. Internet bidez Estatistikako Institutu Nazionalaren webgunean egiten da. Eskaera urriaren 7ra arte egin daiteke.
Eskaera egiteko, lehenik eta behin, sinadura elektronikoko ziurtagiria izan beharko dugu edo Cl@ve PIN sisteman erregistratu beharko gara. Administrazio publikoan 'online' izapideak egiteko balio dute biek.
Segidan, nola identifikatu nahi zaren aukeratu beharko duzu: ziurtagiri elektronikoaren edo Cl@ve PIN sistemaren bitartez.
Behin zure burua identifikatuta, norbere datuak agertuko dira. Beheko atalean, alderdien zerrendan zure datuak agertzea nahi duzun edo ez duzun nahi aukeratzeko klik egin beharko duzu.
Horretan sakatzean, bi aukeradun menu bat zabalduko zaizu. Posta bidez hauteskunde propaganda jaso nahi ez baduzu, "ez dut nahi jaso" sakatu eta jarraian "eskaera bidali"-ri eman.
Eskaeraren ziurtagiria ere eskatu ahal izango duzu "ziurtagiria lortu" sakatuz.
Izapidea amaituta, zure datuak ez dira alderdiek hauteskundeetan jasotzen dituzten hautesle-erroldetan agertuko.