Politika orokorreko bilkura
Alderdiak, azaroko hauteskundeek markatutako politika orokorreko bilkuraren aurrean
Agentziak | Erredakzioa
Ostiral honetan Eusko Legebiltzarrean egingo dena legegintzaldiko politika orokorreko azken plenoa izango da. Alderdien iritziz, litekeena da azaroaren 10eko hauteskundeek saioa 'baldintzatzea'.
Ostiral honetan, Eusko Legebiltzarrean, politika orokorreko legealdiko azken bilkura egingo dute; saioa, Eusko Jaurlaritza eta taldeak hori saihesten ahalegindu badira ere, baliteke "gaiztotuta" eta "baldintzatuta" egotea espainiar estatuan azaroaren 10erako deituko dituzten hauteskundeengatik, hainbat alderdik aitortu dutenez.
Asteazkenean, saiorako bi egun falta zirela, EAJk eta PSE-EEk, alegia, Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiek, ika-mika izan zuten, hauteskundeak berriro egingo direla iragarrita; Idoia Mendiak aurpegiratu zien jeltzaleei ez dutela Gobernu aurrerakoi baten aldeko lanik egin, eta EAJk, bitartean, gogorarazi zion Mendiari borondatea izan duela Pedro Sanchezek zuzendutako Gobernu bat errazteko.
Bilkura 09:30ean hasiko da, Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzaldiarekin; Urkullu Euskadiko egoera politiko, sozial eta ekonomikoaz arituko da, eta saiatuko da, ahal den neurrian, espainiar Estatuan dagoeneko bizi den kanpaina-aurreko girotik islatzea eztabaida.
Hitzaldien aurrerapena
Urkulluk autogobernua aitortzea eskatuko du; halaber, Gernikako Estatutua osorik betetzea eta autogobernuaren akordioa zabaltzea eta euskal autogobernua eguneratzea eta sakontzea galdegingo du. Gainera, iraganari buruzko hausnarketa kritiko globala osatzea nahi du lehendakariak, ETAren indarkeria esplizituki barne hartuta eta, lehendabiziko aldiz, indar politiko guztiek partekatzeko modukoa.
Jaurlaritzak dituen lau ardatz nagusiez mintzatuko da lehendakaria, alegia, giza garapenaz, hazkunde jasangarriaz, bizikidetza eta giza eskubideez, eta autogobernuaz.
Iñigo Urkulluk gogora ekarriko du nola Espainiako Gobernuak, lehen aldiz, egutegi bat eta plan bat onartu zituen, egiteko zeuden transferentziak Euskadira eskualdatzeko.
EAJko bozeramaile Joseba Egibarrek, bere aldetik, aldarrikatuko du lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzak dituzten "lidergoa" eta "akordiorako gaitasuna"; dohain horiek "Espainian dagoen ezegonkortasunaren aurrean" kontrajarriko ditu, talde jeltzalearen iturriek Europa Pressi aurreratu diotenez.
EAJren Ganberako bozeramaileak nabarmenduko du EAEko legealdia "ez dagoela luzapenean"; izan ere, urtebete dago aurretik hori amaitzeko. Hortaz, proposatuko du "partekatutako lan-guneak lortzea", gainerako taldeekin. Dena dela, Egibarrek aitortzen du hauteskunde orokorretarako aste honetako deialdiak "baldintzatuko" duela eztabaida Legebiltzarrean.
Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak salatuko du Eusko Jaurlaritza "ez dela gai" euskal gizartearen arazo handiei erantzun zuzena emateko; besteak beste, arazo horiek dira pobreziaren areagotzea, lan-ezegonkortasuna, hezkuntzan dagoen lan-gatazka, eta osasungintza.
Iriartek eskatuko dio Urkulluri ez begiratzeko Madrilera, EAE "geldialdi" fasetik atera dadin; eta, halaber, aurrekontu sozial eta aurrerakoiak negoziatzeko proposamena egingo dio.
Elkarrekin Podemosetik, Lander Martinez bozeramailea saiatuko da oposizio "moderatu eta konstruktiboko" bere profilari eusten; hortaz, datu ekonomikoak baliatuko ditu, erakusteko bere taldeak proposamen "fidagarriak" mahaigaineratzen dituela.
Bere hitzaldiaren zati handi batean, Martinezek zalantzan jarriko du balizko beste krisi ekonomiko baten aurrean Eusko Jaurlaritzak zer proposatu lezakeen. Gainera, ahalegina egingo du eztabaida politika autonomikoan bideratzeko, Estatuko egoera politikoak debatea ez gaiztotzeko asmoarekin.
PSE-EEren aldetik, Idoia Mendia idazkari nagusiaren hitzaldia ez du baldintzatuko, alderdi horrek berak aurreratu duenez, hauteskunde orokorren deialdiak.
Beraz, Mendiaren hitzaldia gaurkotasunari oso lotuta izango da, bai eta sakona ere; izan ere, hauteskundeak "ezin dira izan aitzakia Eusko Legebiltzarrean ezer ez egiteko".
PPko Alfonso Alonsok euskal legealdia aztertuko du; haren iritziz, porrot egin du horrek, eta horren arrazoia da Urkulluk eta Eusko Jaurlaritzak ez dutela izan liderrak izateko gaitasunik.
Halaber, Jaurlaritzak "erreforma nabarmenik" egin ez izatea deitoratuko du, Administraritzak legegintza-ekoizpena "eskasa" izan baitu. Guztira, zazpi lege onartu dira, orain arte, eta Jaurlaritzaren legegintza-egutegian 28 daude.
09:30ean hasiko da
Bilkura 09:30ean hasiko da, Iñigo Urkulluren hitzaldiarekin. Gehienez, bi ordukoa izango da hitzaldi hori; gerora, Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriak 14:30era arte utziko du bertan behera saioa.
Une horretan, talde parlamentarioetako ordezkarien hitzaldiak hasiko dira, txikienetik handienera; 30na minutu izango dituzte, eta Urkulluk guztiei erantzungo die, denbora-mugarik gabe. Debatea amaitzeko, taldeek beste 10na minutu izango dituzte, berriro hitzaldia egiteko.
Aurreikuspena da saiora hiru ahaldun nagusiak joatea, bai eta hiru Batzar Nagusietako presidenteak ere; horiez gain, EAEko hiru hiriburuetako alkateak izango dira, eta, halaber, Izaskun Bilbao europarlamentari eta Legebiltzarreko presidente ohia bertaratuko da.