POLITIKA OROKORREKO EZTABAIDA
Urkulluk 'Kontzertu Politikoa' eskaini dio Estatuari autogobernuan aurrera egiteko
EITB.EUS
Lehendakariaren iritziz, hauteskundeak errepikatzea 'bihotz-erdiragarria' da. Euskadiren egonkortasuna goraipatu du, baina inguruko ezegonkortasunak eragina izan dezakeela ohartarazi du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iñigo Urkullu lehendakariak "Kontzertu Politikoan" oinarritutako akordioa eskaini dio Estatuari, autogobernuan sakontzea helburu, beti ere, "Euskadiren nazio izaera eta bere berezitasuna aitortuz". Urkulluk azaroaren 20ko hauteskunde hitzordua ere mintzagai izan du eta bozak errepikatzea "bihotz-erdiragarria" eta "atzerapausoa" dela eman du aditzera. Bake eta elkarbizitza alorrean, terrorismoa bidegabea izan zela gizarteari azaltzea ezinbestekoa dela aldarrikatu du.
Horiek izan dira Iñigo Urkulluk legegintzaldiko azken Politika Orokorreko Eztabaidaren baitan eskaini duen hitzaldiaren ardatz nagusiak.
Urkulluk ziurtatu duenez, Euskadik aukera ezin hobea du Kontzertu Politikoaren ereduan oinarritutako akordio bat ehuntzeko. Hori dela eta, "euskal itun nazionala" lortzeko ez ezik, Estatuarekin aldebiko ituna gauzatzeko deia egin du.
Autogobernuarekin jarraituz, lehendakariak Gernikako Estatutua goretsi du eta osorik bete dadin eskatu du. Haren hitzetan, autogobernua Euskadiren "ondasun historikoa" izateaz gain, "elkarbizitzaren, identitatearen, ongizatearen eta Euskadik kanpora proiektatzen duen irudiaren giltzarri da".
"Gure historiako ongizate, bizi kalitate eta konfiantza instituzional mailarik handienak lortzea ahalbidetu digu", gaineratu du. Hori dela eta, autogobernua eguneratzea aldarrikatu du "ahalik eta gehienek babestutako oinarriak ardatz hartuta". "Inposaketak ez garamatza inora", gehitu du. Ildo horretan, "ezberdinen arteko elkarlana" goraipatu du. Aldi berean, estatutu berrirako testu artikulatua egiten ari diren adituen lana eskertu du.
Urkulluren hitzetan, helburu horiei heltzeko ezinbestekoa da "Euskadiren izaera nazionala eta bere izaera berezia" aitortzea, beti ere, partaide sentimendu ezberdinak eta aniztasunak kontuan izanda.
Eginkizun horri heltzeko, badago Urkulluren esanetan eraginkorra dela frogatuta gelditu den tresna bat: Kontzertu Ekonomikoa. "Historian errotutako eredua da, erabateko zilegitasuna du eta legezkoa da, eta 2002tik Europako erakundeen babesa du". Urkulluren irudiko erronka berriei aurre egiteko "egokitze gaitasuna duen eredua da".
Gauzak horrela, eredu hori politikara zabaltzea proposatu du, hots, Kontzertu Politikoa egikaritzea. Euskadin nazio izaera izango lukeen kontzentrazio akordioa lortzea eta Estatuarekin aldebikotasun bermea lukeen ituna adostea iradoki du. Elkarrekiko konfiantza oinarri izango duen etorkizun politikoa eraiki nahiko luke, autogobernua zabaltzea ahalbideratuko lukeena.
Urkullu, Eusko Legebiltzarrean bere hitzaldia hasi aurretik. Argazkia: EFE
Hauteskundeak errepikatzea atzerapausoa da
Espainiako egoerari dagokionez, lehendakariak azaroaren 10ean Espainian hauteskunde orokorrak errepikatzea deitoratu du: "bihotz-erdiragarria da". Urkulluren esanetan, adostasunik eza eta alderdien estrategiak gailendu dira: "Ez dago konpromiso instituzionalik, ez dago epe ertainerako proiektu partekaturik". "Atzerapausoa da", azpimarratu du.
Ezegonkortasun politikoaren aurrean, Urkulluk Euskadiren egonkortasuna goraipatu du: "Hazkunderako gure aktibo politikorik handiena da". Hala eta guztiz ere, erne jarraitzeko deia egin du "alerta egoera gorenean gaudela" iritzita. Ildo horretan, inguruko ezegonkortasunak Euskadirengan eragina izan dezakeela ohartarazi du.
Urkulluren iritziz, ez da egonkortasun giroa finkatzen Estatuan eta, beraz, ez zaie erronkei heltzen. Gainera, ekintza politikoa "arintasunez" jorratzen dela kritikatu du, "etorkizunari eragiten dioten erabakiak ganora handiegirik eta zorroztasunik gabe hartuz".
Euskal Autonomia Erkidegora itzuliz, egonkortasun politikoa eta Gobernu ekintza babesteko konpromisoa hartu du. Lehendakariak ziurtatu duenez, jakin badaki Legebiltzarraren osaketa zein den eta, hortaz, ez du Espainian bizi den tentsio politikoa Euskadira lekualdatuko.
"Azken urteetan euskal politikak su-hesi bat eraikitzen jakin izan du inguruko ezegonkortasunetik babesteko. Hemen elkarrizketa politikoari eutsi zaio", gogoratu du.
BIDEOA: Urkullu, ezegonkortasunarekin kezkatuta
Europan eta munduan gertatzen ari dena ere "kezkagarria" dela iritzi dio, eta klima orokorra bera eta horrek ekonomian duen eragina aipatu ditu. "Mundua hari batetik zintzilik dago. Euskal gizarteak ziurgabetasun horiei ez diela aurre egin beharko esatea gustatuko litzaidake. Aitzitik, ezin dut horrelakorik egin. Esan dezakedana da Euskadik egun duen egonkortasuna oinarrizkoa dela ekonomia saneatu eta munduan ondo posizionatutako enpresa aurreratuekin", adierazi du.
Hitzaldiaren lehen zatian, Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetan orain arte garatu dituen ekimen nagusiak errepasatu ditu eta hauteskunde programa zenbateraino bete duen azaldu du. Ekonomia gaietan, 2019rako eta 2020rako hazkunde aurreikuspenak mantendu ditu Euskadirentzat: % 2,3 eta % 2, hurrenez hurren. Halaber, aurtengorako ezarritako helburuekin jarraituz, 16.000 lanpostu garbi sortzea, langabezia % 10etik jaistea eta "980.000ko kotara" gerturatzea.
2016-2017ko Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoan salatutako irregulartasunen harira lehendakariak onartu duenez, Eusko Jaurlaritza dela "gertaturikoa argitzeko lehen interesatua". "Amaierara arte heltzea da gure konpromisoa, pertsona guztien aukera berdintasuna bermatzea", nabarmendu du. Lehendakariak azaldu duenez, Gobernuak "gardentasunez" jokatu du eta "justiziarekin kolaboratu du". "Orain justiziaren txanda da", gehitu du.
Hurrengo Lan Eskaintza Publikoei begira, arartekoaren, sindikatuen eta talde parlamentarioen laguntzaz osatu duten eredu berria aipatu du.
BIDEOA: Urkullu, Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoan salatutako irregulartasunei buruz
Bakea eta elkarbizitza
Politika gaiei dagokienez, lehendakariak ETAren "alde bakarreko, baldintzarik gabeko, behin-betiko amaiera" hizpide izan du eta Euskadiren iragan hurbileko mugarri garrantzitsuenetzat jo du.
Lehendakariaren iritziz, "ezinbestekoa" da gizarteari azaltzea terrorismoa bidegabea izan zela. Haren hitzetan, ez dago tokirik "aldi hori etsipenez oroitzeko eta, are gutxiago, hainbeste min eragin zutenei aitortza soziala egiteko". "Biktimen memoria lehentasun sozial eta politikoa da. Bakearen eta elkarbizitzaren kultura zabalduko dugu, konpromiso etikoa oinarri hartuta", esan du.
Memoria alorrean eta biktimen aitortzan eta erreparazioan ere "espazio eraikitzaileak eta parte-hartzaileak" zabaldu nahi ditu. Bestalde, ezinbestekotzat jo du kartzela politika eta birgizarteratze politika adostea eta garai politiko berrira egokitzea.
BIDEOA: Terrorismoa gizartearen eta giza eskubideen aurkako atentatua izan zen
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak ondorengo hilabeteetan landuko dituen ekimen garrantzitsuetako batzuk aurreratu ditu, tartean, Berdintasun Legea, Hezkuntza lege aurreproiektua eta migrazioaren inguruko euskal itun soziala.
Erantzuteko txanda
Dagoeneko arratsaldean, Ganberan ordezkaritza duten indar politikoei erantzuteko txandan, "egoera zail eta zalantzen aurrean errealismoa eta erantzukizuna" eskatu die lehendakariak oposizioko taldeei, 2020rako aurrekontua negoziatzeko orduan.
Datorren ekitaldiko aurrekontuak onartzea "egonkortasunean inbertitzea da", esan die Urkulluk.
Azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak "arduraz jokatuko du: proiektu errealista eta herriaren beharrizanetara egokitua egingo du; inbertsioa, berrikuntza eta oreka sozialari lehentasuna emanez".
"Espainiako hauteskunde agertokiak ez du gure prozesua etengo; akordiorako erabateko borondatea dugu, ateak zabalik daude", errepikatu du Urkulluk.
Azkenik, Eusko Jaurlaritza aurrekontuak negoziazioren bidez onartzen saiatuko dela berretsi du lehendakariak, "beti ere, akordioetara heltzeko borondate zintzoa baldin badago".
Autogobernuari dagokionez, adituen lantaldeari "lan egiten uzteko" eskatu du lehendakariak, azaroaren bukaeran estatutu berri baterako proposamena aurkeztuko baitu, "akordio zabalagoa" lortzeko helburuarekin.