Itxi

Polizia operazioa

Bederatzi atxiloketa Katalunian, 'indarkeria ekintzak' prestatzea egotzita

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Auzitegi Nazionalak aginduta, Guardia Zibila ari da operazioa egiten Sabadellen, Mollet del Vallesen eta Cerdanyolan. Terrorismoa eta matxinada leporatzen diete. Hainbat miaketa ere egiten ari dira.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Guardia Zibilak bederatzi pertsona atxilotu ditu Katalunian "indarkeria ekintzak prestatzea" egotzita, ikerketa iturriek EFE albiste agentziari jakinarazi diotenez. Hala ere, operazioak zabalik jarraitzen du eta ez da baztertzen atxiloketa gehiago izatea.

Iturri judizialaren arabera, hauek dira atxilotuei egozten dizkieten delituak: terrorismoa, matxinada eta lehergaiak izatea.

Bederatzi atzemandakoetik, bi aske utzi dituzte jada, eta beste zazpiak Madrilera eramango dituzte, gaur segur aski, Auzitegi Nazionalaren esku uzteko.

05:00etan abiatu dute operazioa Sabadellen (Bartzelona), Mollet del Vallesen eta Cerdanyolan. Hainbat herritan egin dituzte atxiloketak, tartean, Sabadellen.

Atxiloketak ez ezik, miaketak ere egiten ari dira agenteak. Gutxienez, 10 miaketa egin dituzte. Nonbait, dokumentazioa eta material informatikoa konfiskatu dute.

Guardia Zibilak zabaldutako informazioaren arabera, lehergaiak egiteko izan daitekeen materiala aurkitu dute miaketetan, "espezialisten baieztapenaren faltan".

Manuel Garcia-Castellon epaileak zuzentzen duen Auzitegi Nazionalaren 6. Instrukzio epaitegiak agindu du operazioa.

Ikerketa judiziala duela urtebete baino gehiago hasi zen, ustezko terrorismo delituagatik. Atxilotuek datozen egunetan deklaratuko dute Auzitegi Nazionalean.

Fernando Grande Marlaska Espainiako jarduneko Barne ministroak RNE irrati kate publikoari egindako adierazpenetan azaldu duenez, ustez "indarkeria ekintzak" prestatzen aritzea leporatzen zaie atxilotuei. Uztailean CDRen kontra egindako operazioarekin lotura ote duen galdetuta, atxilotuei egozten zaizkien delituak "antzekoak" direla azpimarratu du.

CDR Errepublikaren Defentsarako Batzordeek sare sozialen bidez salatu dute polizia operazioa. Horien hitzetan, Espainiako Erresumaren errepresio egiturak jomugan jarri baditu ere, "bereizi gabeko" miaketak eta atxiloketak egin arren ez dute lortuko sinetsita borrokan ari den herria gelditzea.

Fiskaltzaren arabera, "lehergaien kopuru handia" zuten

Fiskaltzak jakitera eman duenez, bederatzi atxilotuek lehergailu-aitzindarien kopuru handia zuten, eta horien asmoa zen erabiltzea ondorengo egunotan, U-1eko urteurrenaren eta 'proces' auziaren epaiaren harira; ondorioak "konponezinak" izan zitezkeen.

Fiskaltzak ziurtatu du "segurtasunez" zekiela indarkeriazko ekintza horiek hurrengo egunotan gauzatzekoak zirela, eta horregatik egin direla atxiloketak, "asmo horiek saihesteko; prestaketak oso aurreraturik zeuden".

Topatutako aitzindarien artean, "termita" zegoen; lehergailu hori etxeko nahasketa erraz baten bidez lortu ahal da, eta burdin oxidoa du oinarri. Iturriek zabaldu dutenez, atxilotuek bazuen egina probaren bat, bakandutako toki batzuetan.

Torraren adierazpenak

Testuinguru honetan, Quim Torra Generalitateko presidenteak salatu egin du independentistak indarkeriarekin lotu nahi dituztela.

Twitterren publikatutako txio batean, Torrak adierazi du atxiloketek agerian uzten dutela "jazarpena" dela "Espainiako Estatuaren erantzun bakarra".

Nolanahi ere, agintariak ohartaraziko du Estatuak ez duela "helburua lortuko", mugimendu independentista "baketsua" delako.

Protestak

Milaka pertsona elkartu dira Kataluniako hainbat herritan polizia-operazioa salatzeko, eta atxilotuak aska ditzaten exijitzeko.

Elkarretaratze jendetsuenetako bat Sabadellen izan da, Guardia Zibilak miaketak eta atxiloketak egin dituen lekuetako batean.

Milaka pertsona, tokian tokiko CDRek deituta, elkartu dira Sabadelleko Sant Roc plazan, udaletxearen parean, Guardia Zibilaren ekintzak salatzeko.

Gainera, protesta ekitaldian parte hartu dute hainbat alderdi politiko edo erakundetako ordezkariek, eta berretsi dute Estatuak independentismoa "kriminalizatu" nahi duela 'proces'aren ebazpena publiko egin baino lehenago.

Bartzelonan, elkarretaratzea Guardia Zibilaren kuarteletik gertu egin dute; eta Lleidan, Espainiako Gobernuaren azpiordezkaritzaren egoitzaren parean.

Bideoak (2)