EiTB Focus
EAEko herritarren % 64k apirilean emandako botoari eutsiko liokete azaroaren 10ean
EiTB.EUS
Herritarren ia % 13k, aldiz, aldatu egingo lukete euren boza, EiTB Focus inkestaren arabera.
Your browser doesn’t support HTML5 video
EAEko herritarren % 64,6k apirilaren 28ko hauteskundeetan emandako botoari eutsiko liokete azaroaren 10eko orokorretan, hauteskunde horien gaineko EiTB Focus inkestaren bigarren emanaldiaren arabera. Hautesleen % 12,8k, aldiz, aurreikusita izango lukete boza aldatzea, eta beste alderdiren bati ematea babesa.
Gainera, EAEko hautesleek apirilaren 28an bozkatutakoa kontuan izanik, EAJren eta EH Bilduren boto-emaileen % 88k baino gehiagok alderdi beraren alde egingo lukete orain; Elkarrekin Podemosen boto-txartela aukeratu zutenen artean, aldiz, % 13k baino gehiagok PSE-EEri emango liokete botoa azaroan. Hain zuzen ere, PSOEk eta Unidas Podemosek osatutako gobernu koalizioa izango litzateke gustukoena EAEko herritarrentzat, azaroko hauteskundeen ostean.
Fideltasuna ala boto-aldaketa
EiTB Focusen hamabosgarren inkestaren bigarren emanaldiaren arabera, Euskadiko herritarren % 64,6k aurreikusita izango lukete apirilaren 28ko hauteskundeetan emandako botoari eustea. Hautesleen % 12,8k, berriz, beste alderdiren bati emango liokete babesa. Lehen emanaldiaren arabera, EAJ izango litzateke lehen indarra EAEn azaroaren 10ean.
EiTB Focusek alderdi bakoitzaren boto-emaileek azaroaren 10ari begira izango luketen asmoa ere jasotzen du; hau da, alderdi bakoitzaren hautesleek botoa alderdi berari ematea edo, aldiz, beste baten alde egitea aurreikusten duten.
Horrela, EAJk apirilean lortutako boto-emaileen % 88,3k berriro ere emango liekete orain botoa jeltzaleei. Inkestaren arabera, EAJren alde egin zutenen % 2,2k PSE-EEri emango liokete babesa azaroan.
PSE-EEren boto-emaileen % 76,0k diote alderdi horren aldeko botoari eutsiko lioketela azaroaren 10ean; boto-emaile horien % 3,0k, aldiz, EAJri emango liokete boza. EiTB Focusen lehen emanaldiaren arabera, PSE-EE izango litzateke EAEn bigarren indar politikoa A10ean.
EH Bilduri dagokionez, koalizio horren alde egin zutenen % 88,1ek errepikatuko lukete boza hurrengo hauteskundeetan; horien % 1,8k esan dute EAJri emango lioketela babesa.
EiTB Focusen arabera, Elkarrekin Podemosen boto-emaileen artean gehiago dira boza aldatzeko asmoa dutenak gainerako alderdien hautesleen artean baino; izan ere, apirilean Elkarrekin Podemosi babesa eman ziotenen % 53,2k hautaketa hori bera egingo lukete orain, eta % 13,7k, aldiz, PSE-EEren alde egingo lukete. Apirileko boto-emaileen % 22,6k ez dute erabakita zein alderdiri emango dioten botoa orain.
Azaroaren 10eko hauteskundeen osteko balizko gobernu koalizioen gainean, EAEko herritarren % 24,2k nahiago lukete Gobernua PSOEk eta Unidas Podemosek osatzea, eta galdetutakoen % 8,9k nahiago lukete koalizio horretan EAJ ere egotea.
Fitxa teknikoa
EAEn bizi diren 1.200 pertsona (Araban 400, Bizkaian 400, Gipuzkoan 400).
La= ±% 2,83, konfiantza-maila % 95, p=q=0´5, EAEko datuetarako.
Lurralde, udalerri, sexu eta adinaren arabera geruzatutako zorizko lagina.
Inkesten % 26,2 euskaraz egin dira, eta gainerako % 73,8a, gaztelaniaz.
Inkesta hori egiteko hautatutako udalen populazio-tamainagatik haztatutako erabateko emaitzak dira.
Landa-lana 2019ko irailaren 20tik 23ra bitartean egin zuten telefonoz elkarrizketak eginez.
Galdeketa motzenak 2 minutu iraun zuen, eta luzeenak 9.