KATALUNIA
Kataluniako Parlamentuak desobedientzia zibila eta instituzionala defendatu ditu
AGENTZIAK
Istilu handiko saioan, desobedientziaren, presoen amnistiaren eta Guardia Zibila Kataluniatik erretiratzearen aldeko ebazpenak onartu ditu Parlamentuak. Espainiako Gobernua horiek aztertzen ari da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Atzo, osteguna, Kataluniako Parlamentuak desobedientziaren, presoen amnistiaren eta Guardia Zibila Kataluniatik erretiratzearen aldeko ebazpenak onartu zituen. Espainiako Gobernuak aurreratu duenez, ebazpen horien kontra Auzitegi Konstituzionalera jotzea aztertzen ari da.
Katalunian atxilotuetako zazpi espetxera bidaltzeko erabakia ezagutu zenean, Politika Orokorreko Eztabaidaren bigarren saioa egiten ari ziren Kataluniako Parlamentuan. Aurretik ere saio nahiko istilutsua izaten ari zen, eta albisteak are gehiago gaiztotu zuen egoera. Atzokoan, hainbat proposamen bozkatu zituzten.
CUPek proposatutako desobedientzia zibilaren eta instituzionalaren aldeko ebazpena aurrera atera zen, CUP, JxCat eta ERC alderdietako diputatuen aldeko botoei esker (69 boto). PSC, Comu Podem eta PP alderdien ordezkariek aurka bozkatu zuten (25 boto), eta Ciudadanosekoek ez zuten parte hartu bozketan.
Halaber, beste ebazpen batean, Guardia Zibila Kataluniatik erretiratzeko ez ezik, Teresa Cunillera Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkariaren dimisioa eskatu zuten, JxCat, ERC eta CUP alderdiek babestuta.
Kataluniako prozesuaren epaia kaleratzear den honetan, hirugarren ebazpen bat ere onartu zuten. Auzitegi Gorenak Kataluniako politikari independentistak zigortuz gero presoen amnistia eskatzea adostu zuten, eta autodeterminazio eskubidea aldarrikatu zuten.
Dena den, ebazpenen bozketa bigarren maila batean geratu zen Katalunian atxilotutako lagunetako zazpi behin-behinean espetxeratzeko agindua eman ostean Manuel Garcia Castellon Auzitegi Nazionaleko epaileak.
Albistea ezagutu orduko, CUPeko legebiltzarkideak Parlamentutik atera ziren.
Bozketak amaitutakoan, JxCatek eta ERCk (aurrez CUPek ere eskatua zuen) Bozeramaileen Batzordea deitzea galdegin zuten, epailearen erabakiari erantzun bat eman ala ez erabakitzeko.
Segidan, JxCateko eta ERCko diputatuek "Llibertat" (Askatasuna) oihukatu zuten eta eztabaida gogorra sortu zen independentisten eta oposizioaren artean, bereziki, Ciudadanos taldearekin. Carlos Carrizosa Ciudadanoseko presidenteak "lotsa" sentitzen zuela eta "terrorismoa babesten dutenen aldetik mehatxatuta" sentitzen zela ere esan zuen. Oihuak, irainak eta aurrez aurrekoak izan ziren diputatuen artean, eta, lau aldiz ohartarazi ostean, Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak Carrizosa kanporatu zuen.
Osoko bilkura amaitutakoan, ebazpen bat adostu zuten JxCatek, ERCk, CUPek eta Comun Podemek. Independentismoaren aurkako "kriminalizazio kanpaina" salatzeaz gain, errepresioaren amaiera eta presoen askatasuna eskatu zuten.