Itxi

Elkarrizketa

Azpiazu: 'Adierazpen zatarrek ez dute metalgintzan akordioa adosten lagunduko'

Radio Euskadi | Erredakzioa

Leer en Castellano

Ogasun eta Ekonomia sailburuak "lasaitasuna" eskatu du Bizkaiko metalgintzaren grebaren harira. Dezelerazio hotsen inguruan, EAEko ekonomia "hazten" jarraitzen duela esan du.

Pedro Azpiazu Radio Euskadin. Argazkia: Radio Euskadi

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak "lasaitasuna" eskatu du Bizkaiko metalgintzaren grebaren harira, sindikatuek Iñigo Urkullu lehendakariaren aurka  botatakoak entzun ostean. "Indarkeria jokabide zehatzak gaitzesten ditugu", esan du Azpiazuk, Abadiñoko enpresa batean izandako kalteen inguruan. Horren ildora, sindikatuen jarrera salatu du, "adierazpen zatarrek ez baitute akordioa adosten laguntzen". Sailburuak ez du hitz egin, ordea, patronalaren eta sindikatuen artean akordioa lortzeko borondateren inguruan. Iñigo Urkulluk sindikatuei egotzi zien gatazkaren errua.

Bestalde, ekonomiaren egoeraren harira, Europan zein mundu mailan "hozten eta abiadura moteltzen hasi da", esan du, baina aurten EAEko ekonomia % 2,3 haziko dela gogoratu du eta datorren urterako aurreikuspena % 2koa dela ohartarazi du. Hala ere, egoera aztertzerako orduan "zuhurtzia" eskatu du "premiazkoak ez diren alarmak sortu behar ez direlako". Horrenbestez, "lasai" egoteko deia egin du, "ekonomia munduan norbaitek datu txar bat ematen duenean positiboa ez den espiral bat abiatzen da". Nolanahi ere, "gugan eragina izan dezaketen arriskuak" onartu ditu. Halaber, muga-zergak ezartzeko AEBk hartutako azken erabakia ez dela berri ona adierazi du: "Trumpek asaldurak eragiten ditu munduko zein EAEko ekonomian". Ildo horretan, AEBk Europari ezarritako muga-zergak Munduko Merkataritza Elkarteak mugatzeko aukera izan dezala espero du Azpiazuk.

Lehendakariaren azken aurrekontuen harira, Eusko Jaurlaritza aliantzen bila ari dela esan du. Ildo horretan, Alderdi Popularrarekin akordioa adostea zaila dela esan du: "PPk proposatutako zerga erreforma arduragabea da". EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemosekin "etengabe eta modu informalean" harremanetan ari direla esan du Azpiazuk Radio Euskadiko "Boulevard" saioan.

Irakasleei urte luzez bertan behera utzitako erretiro-pentsio aurreratuen kalte-ordainen harira, Azpiazuk aldarrikapen horiek ukatu ditu. Hala ere, Eusko Legebiltzarrak PPren proposamena onartzen badu, 2013tik ordaindu ez dituzten kalte-ordain horiek eman beharko dituztela esan du. "Gobernua izorratzeko helburuarekin egin du proposamen hori PPk, jakin badakielako kontu publikoen flotazio-marraren aurkako bonba bat dela", esan du sailburuak.