Itxi

Katalunia

Goreneko epaileek bilera dute 'proces' auziko zigorren zenbatekoa zehazteko

EITB.EUS

Leer en Castellano

Urriaren 16a baino lehen argitaratu nahiko luke epaia Goreneko Zigor Aretoak; hortaz, ziurrena asteon bertan jakinaraziko du.

'Proces' auziko epaimahaia. Argazkia: EFE

Manuel Marchena buru duen Auzitegi Goreneko Zigor arloko Aretoak bilera du gaur-biharretan 'proces' auziaren 12 akusatuei ezarriko dien zigorren zenbatekoa zehazten hasteko. Izan ere, epaia asteon kaleratzea espero da.

Zigorrak zehazteko orduan, 12 buruzagi independentistek egindakoa sedizioa (Estatuko Abokatutzak eskatu bezala) edo matxinada (Fiskaltzaren tesia) izan zen ebatzi beharko dute epaileek. Horrez gain, 12 akusatuek diru publikoa bidegabe erabili ote zuten ere erabaki beharko du epaimahaiak.

Hori erabakita, epaiaren argitalpen data zehaztu beharko du Gorenak. Asteazkenean emango omen dute horren berri, eta epaia ostiralean, urriaren 11n, edo, beranduen jota, astelehenean, urriaren 14an, kaleratuko dute.

Egutegiak ez dizkio aukera asko uzten Auzitegiari. Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez Omnium eta ANCko buruzagi ohiek bi urte beteko dituzte urriaren 16an badaezpadako espetxealdian, eta hori baino lehen argitaratu nahi du epaia Marchenak. Bezpera, hilaren 15a, sinbolismo handiko eguna da Katalunian: Lluis Companys Generalitateko presidentea egun horretan fusilatu zuten. Hortaz, oso data polemikoa litzateke. Ondorioz, litekeena da urriaren 11n eta 14an kaleratzea epaia.

Albisteak (3)