Polemika
Jon Bienzobas ETAko presoaren erakusketa bertan behera uztea eskatu du PPk
Agentziak | Erredakzioa
Arratsalde honetan ireki dute Jon Bienzobasek espetxean egindako lanean erakusketa. PPren iritziz, "biktimentzako iraingarria da, eta terrorismoa goraipatzen du".
Your browser doesn’t support HTML5 video
Alfonso Alonso PPko presidenteak eskatu du Galdakaon Jon Bienzobas ETAko presoaren erakusketa bat bertan behera utz dezaten; izan ere, haren iritziz, erakusketa "biktimentzako iraingarria da" eta "terrorismoa goraipatzen du".
"Ziegako leihotik" izeneko erakusketa arratsaldean zabaldu dute. Urriaren 18ra arte egongo da ikusgai Galdakaoko presoak espetxean egindako margolanak eta eskulturak biltzen dituen erakusketa.
Goizean, Alonso EAEko PPren idazkari nagusi Amaya Fernandezekin eta Bizkaiko PPren presidente Raquel Gonzalezekin Galdakaoko Kultura Etxera joan dira.
PPk lau panel jarri ditu han, Bienzobasek ustez ETAn izan zuen jardunaren berri emateko. 266 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten, 1996ko otsailean Francisco Tomas y Valiente Auzitegi Konstituzionaleko presidente ohia hiltzeagatik (Madrilgo Unibertsitate Autonomoko haren bulegoan erail zuen), eta 1990ean Getxon beste gizon bat ere hiltzea egotzita.
Alonsoren esanetan, Bienzobasen erakusketa "lotsagarria eta iraingarria da Galdakaorako; hemen, ETAk hamar lagun hil zituen, eta, hortaz, erakunde terroristaren presioa bereziki pairatu zuen herri honek".
"Gaur, Galdakaon, ETAren lagunek agintzen dute”, esan du, EH Bildu aipatu gabe (alderdi horren esku dago herriko Udalaren Gobernua); salatu duenez, "zintzoak izan dira bandak utzitako arrasto kriminalarekin, eta horren kideen lanarekin". "Inoiz ez da ikusi, herrialde zibilizatu batean, herritarrek pertsona ohoragarri gisa ikustea serie-hiltzaile bat, artean eta kulturan dabilen pertsona ohoragarria izango balitz bezala ikustea", gaineratu du.
Bienzobas, aldiz, "kriminal ankerra da; bi hilketagatik kondenatu zuten, eta ETAren beste hainbat ekintzatan ere hartu zuen parte, bandaren komando bortitzenetako batzuetako kide zela". PPren ustez, "aberrantea" da Torrezabal aretoak haren lana jasotzea.
Alonsok kezka agertu du; izan ere, esan duenez, azken urteotan "batzuek ahaleginak egin izan dituzte, erakunde terroristaren hainbat kideri prestigioa emateko eta horien krimenak justifikatzeko"; zenbait herritan egindako omenaldiak aipatu ditu eta "hiltzaileak zuritzeko beste ahalegin mota batzuk", Galdakaokoa kasu.
Haren iritziz, "Bienzobasen aldetik espero ahal dugun artelan bakarra da zigorra betetzea eta tartean izan zen atentatuak argitzen laguntzea".