Itxi

Presoak

Frantziak Espainiako Estatuaren esku utziko du Iratxe Sorzabal ETAko presoa

agentziak | erredakzioa

Leer en Castellano

Frantziako Justiziak onartu egin du Espainiatik iritsitako eskaera, Alacanteko aireportuaren aurkako atentatuagatik epai dezaten. Gainera, Iñaki Reta de Frutos espainiaratzea ere eskatu dute.

Sorzabalen espetxeratzearen aurkako protesta. Argazkia: EiTB

Frantziako Justiziak Iratxe Sorzabal ETAko presoa Espainiako Estatuaren esku uztea erabaki du, 1995ean Alacanteko aireportuaren aurka egin zuten atentatuarengatik (kalte materialak egin zituzten, ez zen biktimarik izan) epai dezaten.

Parisko Apelazio Auzitegiko instrukzio aretoak jakinarazi du atzeratutako espainiaratzea izango dela, Frantzian hainbat zigor betetzen ari baita ETAko presoa.

Epaileek ez dituzte onartu, beraz, Sorzabalen argudioak, tartean akusazioa "torturapean" egindako deklarazio batzuetan oinarritzen dela.

Xantiana Cachenaut Sorzabalen abokatuak Efe albiste-agentziari adierazi dionez, helegitea aurkezteko asmoa dute Auzitegi Gorenean, eta prozedura horrek hilabeteak iraun ditzake.

Sorzabal 2015eko irailean atxilotu zuten Ipar Euskal Herrian, David Pla ETAko kidearekin batera, Espainiako segurtasun indarrek ETAko buruzagitzat zituzten unean.

Parisko auzitegiak zazpi eta bost urteko kartzela zigorrak jarri zizkien, hurrenez hurren, eta Pla dagoeneko kalean dago, zaintzapean, Espainiako euroagindu baten zain.

Iñaki Reta de Frutosen espainiaratzea eskatu dute

Gainera, Frantziako Fiskaltza Iñaki Reta de Frutos ETAko presoa espainiaratzearen alde agertu da, Frantziatik Portugalera armak eta lehergailuak eramateagatik epaitzeko.