Itxi

Altsasuko auziaren epaia

Altsasun kalera atera dira Gorenaren epaia 'bidegabea' dela salatzeko

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Zortzi gazteen gurasoek hunkituta eraman dute pankarta. Ehunka herritarrek hartu dute parte mobilizazioan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Mobilizazio jendetsua egin dute arratsalde honetan Altsasun, Espainiako Auzitegi Gorenak emandako epaia salatzeko.

Auzitegi Nazionalaren zigorrak murriztu baditu ere, Gorenak urtebete eta erdi eta bederatzi urte eta sei hilabeteko zigorrak ezarri dizkie Altsasuko zortzi gazteei 2016an bi guardia zibilekin eta haien bikotekideekin taberna batean izandako liskarragatik.

"Altsasukoak aske, muntai polizialik ez!" goiburupean, elkarretaratzea egin dute herriko plazan. Bertan, ehunka lagunen babespean, epai "gehiegizko eta bidegabe" baten aurrean euren "haserrea eta inpotentzia" salatu dute. Elkarretaratzea amaituta, manifestazioa egin dute herriko kaleetan barrena. Pankarta zortzi gazteen senideek eraman dute, hunkituta. 

Antxon Ramirez de Aldak, Adurren aitak, ETBri egindako adierazpenetan kritikatu duenez, "makillaje batzuekin, baina argazkia mantendu dute. Aberrazio bat da. Zigor hutsa da, eta ez dago eskubiderik".

Dena dela, "oso gogorra" izanik ere, borrokan jarraituko dutela nabarmendu du, "gure herriarekin batera egingo dugu", erantsi du.

Izan ere, altsasuarrek epaia salatu dute, bazuten itxaropen apur bat Gorenak Auzitegi Nazionaleko zigorrak zuzenduko zituelakoan. "Dena gezurra izan da hasieratik, ez dago eskubiderik", kritikatu dute.

Javier Ollo (Geroa Bai) Altsasuko alkatearen iritziz, "proportzionaltasun gabezia" dario epaiari. "Gaur da unea, berriro ere, proportzionaltasun gabezia hori salatzeko", esan du.

Mobilizazioa hasi aurretik, gurasoek bilera egin dute Gorenaren ebazpena aztertzeko. Ostegun honetan Iruñean prentsaurrekoa eskainiko dute (12:00etan), epairen balorazio zabalago bat egiteko.

Gorenak apur bat jaitsi ditu zortzi gazteei ezarritako zigorrak: 2-13 urteko bitarteko zigorrak zirenak, urtebete eta erdi eta 9 urte eta erdi artekoak dira orain. Izan ere, diskriminazio eta larderia astungarria baztertu du agintaritzaren kontrako atentatu delituan, eta horrek ekarri du murrizketa. Horrez gain, bi akusatu (Aratz Urrizola eta Iñaki Abad) ez ditu lesioengatik zigortu, proba falta argudiatuta. Dena dela, gazteei agenteen kontrako atentatua, lesioak, desordena publikoak eta mehatxuak leporatzeko "nahikoa froga" badagoela ebatzi du epaimahaiak, eta hortaz, zigor handiei eutsi die. Hala, kartzelan jarraitu beharko dute gazte gehienek.

 

Albisteak (2)

Bideoak (1)