Itxi

'Proces' auzia

9 eta 13 urte arteko zigorrak Kataluniako prozesuko buruentzat sedizioagatik

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Auzitegi Gorenak 13 urteko kartzela zigorra ezarri dio Oriol Junquerasi, eta 12 urtera artekoak Carme Forcadelli, 'Jordiei' eta beste bost kontseilari ohiri.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Auzitegi Gorenak 13 urteko kartzela zigorra ezarri dio Kataluniako prozesuan Oriol Junquerasi, eta 9 eta 12 urte arteko espetxealdia Carme Forcadelli, 'Jordiei' eta beste bost kontseilari ohiri sedizioagatik. Bestalde, bidegabeko erabilera delituagatik aske zeuden beste hirurak absolbitu egin ditu.

Zigor-arloko Salak Oriol Junquerasi ezarri dio zigorrik handiena, sedizio eta diru publikoa bidegabe erabiltzea delituen pilaketa mediala egotzita. Raul Romeva, Jordi Turull eta Dolors Bassari 12 urteko espetxealdia ezarri die delitu berberengatik.

Carme Forcadelli, berriz, 11 urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri dio; Joaquim Forni eta Josep Rulli hamar urteko espetxealdia ezarri die, eta bidegabeko erabilera delituagatik absolbitu ditu. 'Jordiak' bederatzi urteko espetxealdiarekin zigortu ditu. Sedizio delitua egotzi die guztiei.

Bestalde, Carles Mundo, Santi Vila eta Meritxell Borras kontseilari ohiak bidegabeko erabilera delituagatik absolbitu ditu Gorenak, baina urtebete eta zortzi hilabeteko gaitasungabetzea eta 60.000 euroko isuna ezarri dizkie.

'Proces'eko buruen aurkako epaiketa otsailaren 12an abiatu zuten, eta ekainean utzi zuten epaia emateko prest, lau hilabete eta 52 saio igaro ostean. Ordutik, Gorenak banan-banan aztertu ditu auziko bloke juridikoak. Asteburuan, epaileek azken irakurketa egin dute, eta epaiaren inguruko informazio asko filtratu dira; matxinada delitua bertan behera utzi dutela eta zigorrak sedizioagatik izango zirela, esaterako.

Manuel Marchena, Antonio del Moral, Luciano Varela, Andres Palomo, Andres Martinez Arrieta, Ana Ferrer eta Juan Ramon Berdugo magistratuek Kataluniako buruzagi independentisten aurkako ebazpena sinatu dute gaur (astelehena) goizean, eta aldeei jakinarazi diete.

Ezarritako kartzela-zigorrez gain, gaitasungabetzea ere ezarri diete akusatu guztiei. Horrenbestez, espetxean dauden bitartean ezingo dituzte kargu publikorako hautatu.

Epaia

Akusatuen iritziaren aurka, Gorenak frogatutzat eman du "indarkeria tarte ukaezinak izan zirela". Hala ere, tarte horiek ez ziren matxinada delituengatik zigortzeko modukoak izan. Izan ere, "konplot hitzartzea" bertan behera gelditu zen, Katalunian 155. artikulua ezartzeko agindua Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu bezain pronto.

Horrenbestez, magistratuen arabera, modu zuzenean ez zen indarkeria instrumentala, funtzionala eta aurrez agindutakoa eman; ondorioz, ezin dira matxinada delituagatik zigortu, sezesioa lortzeko indarkeria jarrerak gertatzea beharrezkoa baita.  

Halaber, "konplot hitzartze" horren hainbat arduradunek "bat-batean" ihes egin zutela gogoratu dute magistratuek. Alabaina, Espainian gelditu zirenak, erabaki pertsonalak edo espetxe zigor neurri adostuak zirela medio, "hasitako abentura baldintzarik gabe bertan behera utzi zuten".

Halaber, akusatu guztiak "jakitun" ziren "erabakitzeko eskubidea mobilizaziorako amu bat zela eta ez zutela inoiz Estatu subiranoa lortuko". Ildo horretan, Europako Konstituzio bakar batek ere ez duela erabakitzeko eskubidea bermatzen adierazi dute ebazpenean.

"Urriaren 1ean gertatutakoa ez zen izan soilik manifestazio edo herritarren protesta jendetsua"

Magistratuen ustez, 2017ko udazkenean gertatutakoa sedizioa izan zen, kondenatuek herritarrak mobilizatu baitzituzten "altxamendu publiko eta zalapartatsuan" hainbat legeren aplikazioa eta epaileen erabakiak saihesteko

Horrenbestez, "urriaren 1ean gertatutakoa ez zen izan soilik manifestazio edo herritarren protesta jendetsu bat. Hori izan balitz, ez zen ondorio penalik egongo. Horren ordez, epaileen erabakiak paper erre bihurtzeko akusatuek eta beste hainbat lagunek bultzatutako altxamendua izan zen.   

Irailaren 20koa ere ez zen izan elkarretaratze huts bat, 'Jordiak' "erabat jakitun" baitziren batzorde judizial bat Ekonomiako Kontseilaritza miatzen ari zela, epaile batek aginduta. Horren harira, 'Jordien' eta Kataluniako Gobernuko arduradunen asmoa zen "epaileek beren ebazpenak aurrera ateratzeko gaitasuna galdu zutela gizarteari erakustea".

Hala ere, Gorenak ez du zalantzan jarri desobedientzia zibilaren garrantzia, "disidentziaren adierazpena baita", baina "legearen interpretazioaren monopolioa ezin du inork beretzat hartu, autodeterminazioaren ideien harira iritzi berekoak ez direnen argudioak bertan behera utzita".

Gastu publikoaren harira, Carles Puigdemonten Gobernuak erreferendumaren aldeko akordio solidarioa hartu arren, gogoen aurreakordioa izan zela, eta diru publikoa bidegabe erabiltzeko delitua gauzatzeko nahikoa ez zela izan uste du Goreneko Salak. Izan ere, "ekintza materialak, oinarrizkoak ala ez", beharrezkoak dira eta ez da frogatuta geratu bost kontseilari ohi horien kasuan, U1erako dirua ez emateko "agindu zuzenak" eman baitzituzten.

Diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik zigortatuko gainerakoek, Junquerasek barne, "ekintza zehatzak egin zituzten" dirua banatzeko.

Bestalde, akusatuek zigorraren erdia bete arte hirugarren gradua lortzeko Fiskaltzaren eskaera ez dute aintzat hartu epaileek: "ezin da mekanismo juridiko gisa hartu presondegietako administrazioak (Kasu honetan, Generalitateak) hartu ditzazkeen erabakiak aurrez saihesteko".

Bestalde, Kataulinako administrazioak hartzen dituen erabakiei "erantzuteko" gaitasuna duela gogorarazi dio Fiskaltzari.

Albisteak (3)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)