Itxi

'Proces' auziko epaia

Auzitegi Gorenetik Estrasburgora, Konstituzionaletik igarota

agentziak | erredakzioa

Leer en Castellano

Defentsa Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira iristen bada eta horrek arrazoia ematen badio, baliteke Gorenak ebazpena berrikusi behar izatea.

Independentisten protesta Estrasburgon. Argazkia: EiTB

Zazpi epaileek erabakia aho batez hartu izanak Auzitegi Gorenaren ebazpenari sendotasuna ematen dion arren, zigorra berrikustera behartzeko neurriak aztertzen ari dira defentsak, Estrasburgon amaitu eta urteak iraun dezakeen prozesu batean.

Gorenean ez dago helegitea jartzeko aukerarik, baina "nulitate gertakaria"rekin berrikustera behartzen saiatuko dira, zigorrak bertan behera geratzeko aukera baitago auzitegiak oinarrizko eskubideen urraketaren bat atzemanez gero.

Gorenean bigarren itzuli bat baino gehiago (epaile berberek aztertuko lukete), Auzitegi Konstituzionalera joan ahal izateko izapidea da abokatuentzat, auzitegi horren babesa eskatzeko beharrezko pausoa.

Konstituzionala

Oinarrizko askatasunen eta eskubideen urraketei aurre egiteko aparteko bidea den heinean, Auzitegi Konstituzionalak babes helegiteen bidez aztertuko luke 'proces'aren ebazpena. Pauso hori ezinbestekoa da Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira jo ahal izateko.

Ebazpena emateko epemugarik gabe, eta presoak egoteak lehentasunik eman gabe, Konstituzionalaren ebazpena atzera egin liteke, urtebetetik edo bi urtetik gora, eta horrek Europarako bidea ere atzeratu egingo luke.

Babes helegiteari buruzko erabakia hartzeko prozesuan, Konstituzionalak zigorrak bertan behera uzteko eskumena izango luke, defentsak hala eskatuz gero, baina horren aurrekariak zigor arinetan soilik daude.

Estrasburgo

Defentsek ez dute esperantza handirik Konstituzionalean, oso politizatua dagoela iritzi diotelako; horregatik, Europako auzitegia dute jomugan, hori baita Europako Kontseiluko 47 kideek sinatu zuten Giza Eskubideen Europako Itunean agertzen diren giza eskubide eta askatasunak bermatzeaz arduratzen dena.

Estrasburgoko Auzitegiaren irismena, ordea, mugatua da. Ez du eskumenik ebazpenak atzera botatzeko: giza eskubideen urraketa egon dela iritziz gero, kalte-ordaina ezar dezake biktimentzako, edo dagokion estatuari zigorrak berrikusteko atea ireki.

Interesatuko zaizulakoan: Mugarri izango den ebazpenaren gakoak

Pussy Riot

Bi dira defentsek Estrasburgon salatu nahi dituzten eskubide urraketak: epaiketa justurako eskubidea; eta adierazpen, bilera eta elkarte askatasunak.

Nazioarteko zuzenbidean "fair trail" (epaiketa justua) gisa ezagutzen den horretan oinarrituta, abokatuek 'proces'aren auziko irregulartasunak salatu nahi dituzte, gehiegizko behin behineko espetxealditik hasi eta epaiketan urriaren 1eko bideoak erakusteko debekura.

"Pussy Riot" Errusiako punk taldearen jurisprudentziari heltzen diote abokatuek. Izan ere, Moskuko katedralean egindako protesta batengatik zigortu zituzten, baina Estrasburgok zigorraren aurka jo zuen, auzitegiak adierazpen askatasuna urratu zielakoan.

Estrasburgoren ondoren?

Estrasburgok atzematen dituen irregulartasunek prozesuarekin zerikusia badute, Gorenak epaiketa errepikatzea erabaki dezake, egindako akatsak konponduta, edo ebazpen berria eman, nahiz eta ez dagoen behartuta ebazpena aldatzera.

Desberdina izango litzateke Estrasburgok onartuko balu Espainiako Justiziak oinarrizko eskubideren bat urratu duela: hipotesi horren arabera, litekeena da Gorenaren ebazpena absoluzioa izatea.

Bi egoeretan, balizko garaipena soilik morala izango litzateke, helegiteen epeak oso luzeak direlako, eta auzipetuak edo libre edo zigorra ia osorik betetzear egongo liratekeelako. Hori bai, ebazpenak eragina izango luke jurisprudentzian.

Konstituzionalaren aurrekariak

Onarpenak oso gutxi izaten badira ere, Konstituzionalak 'proces' auziko auzipetuen 30 bat helegite aztertzea onartu du, gehienak Pablo Llarena instrukzio epailearen erabakien aurkakoak.

Otsailean, Goreneko epaiketa egiten ari zirenean, Konstituzionalak sakoneko gai batean egin zuen defentsaren kontra, 'Jordien' behin behineko espetxealdiaren kontrako helegitea atzera botata. Baina Estrasburgora joateko lehenengo atea ireki zuen.

Maiatzean, berriz, Puigdemontek eta 74 diputatuk helegitea jarri zuten 2017ko urrian independentzia aldarrikatzeko deitutako Parlamentuko osoko bilkura bertan behera geratzearen aurka, eta orduan ere ez zuen aurrera egin.

Albisteak (1)

Informazio gehiago (3)