'Proces' auziko epaia
Manifestariek Bartzelonako aireportua blokeatu dute
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Milaka manifestarik El Prat aireporturako sarbideak itxi dituzte eta ehun bat hegaldi bertan behera geratu dira. Halaber, Kataluniako hiri eta herrietan bilkura jendetsuak egin dituzte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako buruzagi independentisten kontra emandako epaia salatzeko mugimendu independentista kalera atera da Katalunian. "Tsunami Demokratikoa" izeneko plataformak deituta, milaka manifestarik Bartzelonako aireporturako sarrerak blokeatu dituzte eta ehun bat hegaldi bertan behera utzi behar izan dituzte.
Eguerdian hasi dira protestak. Esquadra Mossoek aireportura joateko tren eta metro zerbitzua etetea agindu dute. Halaber, manifestariek aireporturako C-32 eta C-31 errepideak itxi dituzte.
Kataluniako Poliziaren arabera, manifestari bat atxilotu dute metroan, aireportura sartu aurretik, agenteen kontrako erasoa egotzita.
Pilaketen ondorioz, hainbat bidaiari ibilgailuetatik jaitsi eta oinez joan dira aireportura, hegaldia ez galtzeko.
AENAren arabera, gaurko 1.065 hegaldi aurreikusita zeuden eta horietatik 110 bertan behera geratu dira. Vueling konpainiak jakinarazi du 100 hegaldi utzi dituela bertan behera, eta biharko beste 20.
Mossoek manifestarien aurka kargatu dute
Terminaletako sarreretan tentsio uneak bizi izan dira arratsaldean zehar; izan ere, T1eko ateen aurrean bildu diren manifestarien kontra kargatu dute mossoek.
Manifestariak sakabanatu egin dira, poliziek foam jaurtigaiak bota dituztenean. Gainera, pertsona bat atxilotu dute.
Larrialdi zerbitzuek 78 pertsona artatu dituzte egunean zehar aireportuko T1 terminalean. Hala ere, ez omen dute inor larri zauritu.
El Prat aireportuko krisi batzordeak bilera egin behar izan du. Bidaiariak eta tripulazioak hegazkinera igotzea ahalbidetzeko moduak aztertu dituzte batzarrean, Bartzelonako aireportuko iturriek EFE albiste-agentziari azaldu diotenez.
21:50 inguruan, "Tsunami Demokratikoa" mugimenduak aireportuan deitutako protesta bertan behera uzteko deia egin du sare sozialen bidez zabaldutako mezu batean, eta bihar mobilizazio gehiago iragarriko dituela zehaztu du.
"Gaur tsunamia izan gara. Mobilizazio bakoitza garaipen bat izango da. Indarkeriari gabeko desobedientzia zibilaren aroa abiarazi dugu", azpimarratu dute.
Jendetza Bartzelonako Sant Jaume plazan
Bestalde, milaka herritarrek Bartzelonako Sant Jaume plaza bete dute arratsaldean Gorenaren epaia salatzeko. Quim Torra Generalitateko presidentea Roger Torrent Parlamentuko presidentea izan dira elkarretaratzean.
Martxa ezberdinak egin dituzte hirigunean barrena eta denak Sant Jaume plazan amaitu dira. Independentziaren eta preso politikoen askatasunaren aldeko oihuak dira.
Bartzelonan ez ezik, Kataluniako gainerako herri eta hirietan ere izan dira mobilizazioak. Gironan, adibidez, 25.000 lagun inguru atera dira kalera.
Bilkura amaituta, ehunka manifestari Espainiako Poliziak Via Laietanan daukan egoitzaraino joan dira. Agenteak manifestariei oldartu zaizkie eta istiluak izan dira.
Mobilizazioak Euskal Herrian
Gure Eskuk deituta, elkarretaratzeak izan dira arratsaldean Euskal Herriko herri eta hirietan, Gorenaren epaia salatzeko eta Kataluniako buruzagi independentistei babesa eta elkartasuna adierazteko.
Bilkurak zaratatsuak izan dira eta "Erreferenduma ez da delitua. Askatasuna" goiburupean egin dituzte.
Gure Eskuko bozeramaileek ohartarazi dute Gorenaren ebazpena "demokraziaren aurkako erasoa" dela eta "oinarrizko eskubideak kriminalizatzeko atea ireki" duela, besteak beste, "erreferenduma delitua dela esaten duelako".
"Honek guztiak arrakala handia ireki du oinarrizko eskubideen defentsan eta eginkizun hori ez da soilik politikarien eta gizarte eragileen ardura, herritarron lana ere bada oinarrizko eskubideak defendatzea, Katalunian eta Euskal Herrian", azpimarratu dute.