'Proces' auziko epaia
Zer da 'Tsunami Demokratikoa'?
eitb.eus
Lehen manifestuan, "batasunerako" eta itxaropenerako deia egin zuten, Auzitegi Gorenaren epaiari "modu baketsu eta antolatuan" erantzuteko.
Auzitegi Gorenak 9 eta 13 urte arteko kartzela-zigorrak ezarri dizkie Kataluniako proces auzian auzipetutako buruzagi independentistei. Epaiak elkartasun uholdea eragin du, eta, besteak beste, Prateko aireportuko ehun bat hegaldi bertan behera utzi behar izan dituzte, "Tsunami Demokratikoa" mugimenduak deituta, milaka herritarrek sarrera-irteerak blokeatu ostean.
Testuinguru horretan, milaka lagun koordinatzen ari dira errepideak, trenbideak eta aireportuak kolapsatzeko asmoz, "indarkeriarik gabeko protesta eta desobedientzia zibileko aro batean". Polizia gogor oldartu da manifestarien aurka, behin baino gehiagotan, egoera kontrolpean hartzeko.
Kataluniako hiri jendetsuenetatik haratago egiten ari diren ekintza horien atzean “Tsunami Demokratikoa” dago; ekintza guztiak zuzendu eta koordinatzeko helburuarekin sare sozialak eta Telegram berehalako mezularitza zerbitzua erabiltzen dituen plataforma.
Twitterren, 150.000 jarraitzaile baino gehiago ditu (Carles Puigdemont eta Quim Torra, besteak beste), eta haren lehen mezua irailaren hasieran argitaratu zuen, herritar guztiei "tsunami" horrekin bat egiteko eskatuz.
Lau mila bertxio baino gehiago dituen lehen manifestuan, "autodeterminaziorako bidea luzea eta korapilatsua" dela ohartarazi zuten. Hala, "errepresioaren ondorioek pilatutako frustrazioaren aurrean", "batasunerako" eta itxaropenerako deia egin zuten, Auzitegi Gorenaren epaiari "modu baketsu eta antolatuan" erantzuteko berehala.
¿FAQS: Com respondrem a la sentència?
— Tsunami Democràtic (@tsunami_dem) September 24, 2019
Només amb pancartes i "tweets" segur que no. ¿
Tampoc n'hi ha prou amb manifestacions. ¿¿
Ni limitant-nos a votar. ¿¿#LaRespostaEtsTu#TsunamiDemocràtic ¿ pic.twitter.com/EwgLbeBzdy
Egun batetik bestera, "indarkeriarik gabeko protesta eta desobedientzia zibileko aro" horren atzean dauden herritarrek, ondorengo mezu honekin jantzi zituzten Kataluniako kaleak eta plazak: ‘Alda dezagun egoera hau’. Ordutik, ekintzaile independentista talde horrek eserialdi baketsuak egin ditu hainbat banku eta enpresatan, "errepresioa finantzatu" egiten dutela salatzeko asmoz. Urdinez jantzita, eta aurpegia maskara zuriekin estalita, isilik egon dira eserita.
Astelehenean, proces auziaren epaia kaleratu orduko, lehen mobilizazio jendetsuak iragarri zituzten. Hala, Bartzelonako aireportuaren jarduera geldiarazteko asmoz, T1 terminalera "berehala eta ahal den bide guztietatik" joateko deia egin zuten, sare sozialen bidez. Gauean, bertan behera utzi zuten protesta, egun osoan zehar tentsio uneak izan ostean.
Gaur, asteartea, beste mezu bat zabaldu dute sare sozialen bitartez, eta "tsunamia hasi berria" dela ohartarazi dute.
Mugimenduaren atzean nor dagoen ikertzen hasi dira
Bestalde, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko jarduneko Barne ministroak adierazi du mugimendu horren atzean nor dagoen ikertzen ari direla, Prateko aireportuko protestak deitu ostean, eta ukatu egin du Espainiako Gobernuak zigortutako buruzagi independentistak indultatzea aurreikustea.
"Jakina ikerketak abian daudela, inteligentzia zerbitzu eraginkorrak ditugu, eta Tsunami Demokratikoaren atzean nor dagoen jakin ahal izango dugu", esan du Barne ministroak.