Frankismoaren biktimen legea
EAJk, PSE-EEk eta PPk atzera bota dute Memoria Historikoaren Lege Proposamena
Agentziak | Erredakzioa
Frankismoko krimenen aurkako plataformak prestatutako testua oinarri hartuta proposamena erregistratu zuten EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek.
Eusko Legebiltzarrak atzera bota du EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurkeztutako Memoria Historikoaren Lege Proposamena. Izan ere, legea izapidetzearen kontra bozkatu dute Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiek (EAJ eta PSE-EE) eta PPk.
EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen proposamena uztailean Frankismoko Krimenen aurkako Plataformak Gasteizko Ganberara eraman zuen herri-ekimen legegilean oinarritzen da. Eusko Jaurlaritzak frankismoko biktimak aitortzeko lege bat egiteko asmoa zeukala ikusita, bere proposamena atzera bota zuen plataformak. Irailean, baina, bi alderdiok testu hori bera erregistratu zuten, plataformaren aldarrikapena lege bilakatzeko asmoz.
Julen Arzuaga EH Bilduren legebiltzarkideak salatu duenez, EAJ eta PSE-EE "luzamendutan" ari dira, eta lortuko duten bakarra legegintzaldia memoria historikoari buruzko legea onartu barik amaitzea. Horrez gain, Frankismoaren Krimenen aurkako Plataforma "gutxietsi" izana leporatu die Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiei.
Ildo beretik mintzatu da Jon Hernandez Elkarrekin Podemoseko kidea ere. Ohartarazi duenez, proposamena atzera botatzeak gai horren inguruko legerik ez izatea ekarriko du.
Kritikei erantzunez, Iñigo Iturratek (EAJ) azpimarratu du EAE "aitzindaria" dela Memoria Historikoaren politiken alorrean. Iturrateren esanetan, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos "protagonismo bila dabiltza". Miren Gallastegui PSE-EEko legebiltzarkideak uste du badela aukera legegintzaldi honetan Jaurlaritzaren Memoria Historikoaren Legea onartzeko.
Azkenik, Carmelo Barrio PPko legebiltzarkideak estu hartu du Elkarrekin Podemosen eta EH Bilduren proposamena. Salatu duenez, "ETAk sustatutako gorrotoari aipamenik ez dago proposamenean".