Gure Esku-ren adierazpena
EAJk, EH Bilduk eta Podemosek konponbide politikoa eskatu dute Kataluniarentzat
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Alderdi politikoek eta eragile sozialek Gure Eskuren adierazpena sinatu dute. Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako epaiketa bidegabea izan zela eta bozkatzea delitua ez dela azpimarratu dute.
Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaia salatzeko eta konponbide politikoa aldarrikatzeko manifestu bateratua aurkeztu du gaur Gure Eskuk. Hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialek babestu dute adierazpena, tartean EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek, ELAk eta LABek.
Halaber, Gure Eskuk datorren larunbatean Donostian antolatu duen manifestazioan parte hartzeko deia egin diote euskal gizarteari.
Dokumentua aurkezteko Donostiako Kursaal Jauregian egindako agerraldian ondoko ordezkariak izan dira: Mireia Zarate (EAJ), Juan Karlos Izagirre (EH Bildu), Andeka Larrea (Elkarrekin Podemos), Mitxel Lakuntza (ELA) eta Garbiñe Aranburu (LAB).
Euskal Herriko pertsona ezaguna ere izan dira, besteak beste, Xabier Euzkitze kazetari eta bertsolaria, Pilar Klatzada kazetaria, Luix Barinagaerrementeria abokatua eta Nekane Altzelai legebiltzarkide ohia.
Gure Eskuren manifestuaren arabera, "proces" auziaren epaia oso larria da oinarrizko eskubideen eta askatasun demokratikoen murrizketa dakarrelako.
Kataluniako buruzagi independentisten aurkako prozesu judiziala "bidegabea" eta "arbitrarioa" izan zela, akusazioak "oinarririk gabekoak" direla eta auzipetuen oinarrizko eskubideak "urratu" direla salatu dute.
Kartzelatuei elkartasuna eta babesa adierazita, Auzitegi Gorenaren ebazpenak "manifestazio eskubidea, adierazpena askatasuna edota erabakitzeko eskubidea" kriminalizatzen dituela ohartarazi dute.
"Onartezina da demokrazia batean mobilizazioa demokratikoak eta baketsuak nahiz disidentzia politikoa kriminalizatzea. Bozkatzea ezin da delitua izan; bozkatzea konponbidea izan beharko litzateke", azpimarratu dute.
Gauzak horrela, "salbuespeneko bide judizialak eta errepresioa" albo batean uzteko eta Kataluniako auzia "elkarrizketaren eta negoziazio politikoaren bidez" konpontzeko deia egin dute.
Amaitzeko, Gure Eskuk larunbatean Donostian deitu duen manifestazioan parte hartzeko gonbita luzatu diete euskal herritar guztiei. Martxa "Erreferenduma ez da delitua. Askatasuna" goiburupean egingo dute.
Bestalde, EH Bilduk, EAJk eta Elkarrekin Podemosek beste agerraldi bat egin dute Legebiltzarrean Gure Eskuren adierazpenarekin bat egin dutela azaltzeko. Joseba Egibarrek, Maddalen Iriartek eta Lander Martinezek hartu dute hitza eta manifestua irakurri dute.
Gure Eskuren adierazpena beste hainbat pertsona ezagunen atxikimendua ere jaso du: Juan Jose Ibarretxe lehendakariarena, Asier Illarramendi Realko jokalariarena, Iker Irribarria pilotariarena, Fermin Muguruza musikariarena edo Bernardo Atxaga idazlearena.
BIDEOA | Kataluniari elkartasuna adierazteko ekintza ikusgarria Aiako Harrian