Itxi

'Proces'aren aurkako epaia

Kataluniak mobilizazio historikoa du gaur

agentziak | erredakzioa

Leer en Castellano

Greba orokorrarekin batera, 'Askatasunaren Aldeko Martxak' Bartzelonara iritsiko dira, eta bertan manifestazio handia egingo dute 'proces'aren aurkako epaia salatzeko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Kataluniak mobilizazio olde historikoa du gaur, Intersindical-CSC eta IAC sindikatu independentistek deitutako greba orokor betean iritsiko baitira 'Askatasunaren Aldeko Martxak' Bartzelonara, 'proces'aren aurkako epaiaren kontra manifestazioa egitera.

Eguerdian, Generalitatearen Lan kontseilari Chakir El Homranik jakinarazi du grebaren jarraipena % 50ekoa baino txikiagoa dela sektore gehienetan, hala nola funtzio publikoan (% 30,39), hezkuntza publikoan (% 43), edo osasun publikoan (% 26,3). Unibertsitatean eta merkataritzan, aldiz, jarraipena % 90ekoa eta % 60-80 bitartekoa izan da, hurrenez hurren.

Irakaskuntza pribatuan, jarraipena % 26koa izan da, eta hitzartutakoan, aldiz, % 35ekoa. Garraio publikoan, metroan izan du eraginik handiena, % 36ko jarraipenarekin. Generalitateak ez du industriaren gaineko daturik eman, baina energia-kontsumoa ostegunekoa baino % 10,11 txikiagoa izan da.

Greba deitu duen CSC intersindikalak (IAC Kataluniako Alternatiba Intersindikalarekin batera deitu du) esan du eguerdian greba orokorra "arrakasta handia" ari dela izaten; jarraipena, sindikatuaren esanetan, 2017ko urriaren 3ko grebak izan zuenari ari zaio gailentzen.

Bon Preu supermerkatu-kateak ordaindutako baimena eman die langileei, eta Seatek lanuzte teknikoa erabaki du, errepideen itxieren eta protesten eraginik ez pairatzeko. Kataluniako beste enpresa eta industria handi batzuk, aldiz, normaltasunez ari dira, Nissanek Bartzelonan duen lantegia kasu.

Bartzelonan, merkataritza txikiaren erdiak erabaki du ez irekitzea, Joan Guillen Gremioen Kontseiluaren presidentearen arabera; Guillenek zehaztu du ehuneko horrek arratsaldean gora egingo duela, hiriko erdiguneko kale nagusiak zeharkatuko dituen manifestazioa tarteko.

57 hegaldi bertan behera Prat aireportuan; Familia Sakratua, blokeatuta

Aenak jakitera eman duenez, 11:43ra arte, Prat aireportuan 57 hegaldi utzi dituztela bertan behera. Picnic per la Republica taldeak deituta, independentziaren aldeko ehunka ekintzailek blokeatuta dituzte Bartzelonako Familia Sakraturako sarbideak. 11:00ak aldera, manifestariak bertaratzen hasi dira, izardunak zeramatzala, eta "preso politikoentzako askatasunaren alde" eta "okupazio-indarrek alde egiteko" oihukatu dute.

Adifek iragarri du Bartzelonako Gracia Pasealekuko geltokia itxiko duela, 17:00etatik aurrera, prebentzio-neurri gisa; izan ere, bidaiari asko ibiliko dira, alde batetik, eta, gainera, arratsaldeko manifestazioa hiriko erdiguneko kale horretatik ibiliko da. EFEri Adifen iturriek esan diotenez, polizia-indarrekin koordinatuta hartu dute erabakia, segurtasun-arrazoiengatik.

Greba orokorrak hainbat aldarrikapen ekonomiko ditu oinarrian, lan erreforma bertan behera uztea eta 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea, besteak beste; baina 'proces'eko epaiaren aurkako protestek markatuko dute mobilizazioaren norabidea.

Generalitateak ezarritako zerbitzu minimoek metro, autobus, tranbia eta FGC tren zerbitzuaren erdia bermatzen du 6:30etik 9:30era, eta 17:00etatik 20:00etara; eta laurdena, gainerakoan.

Aldiriko trenetan eta erregionaletan, berriz, zerbitzu minimoak % 33koak izango dira.

'Askatasunaren Aldeko Martxak'

Bestalde, Omniumek eta ANCk antolatutako 'Askatasunaren Aldeko Martxak' gaur iritsiko dira Bartzelonara, hiru eguneko ibilaldiaren ostean, manifestazio erraldoia egiteko.

Martxak asteazkenean abiatu ziren bost puntu ezberdinetatik (Girona, Vic, Berga, Tarrega eta Tarragona), eta bidean errepideak itxi behar izan dituzte, milaka protestariei bidea libre uzteko.

Vicetik eta Bergatik abiatutako zutabeak, bat eginda, 13:00 aldera iritsiko dira hiriburura. Tarregatik eta Tarragonatik abiatutako martxak Martorellen elkartu ziren, eta 15:00etarako Bartzelonan egotea espero dute. Gironan hasi zen martxa, berriz, 13:45ean iritsiko dela aurreikusi dute.

Helburua da 17:00etan denek batera hiri erdigunean manifestazio erraldoia egitea.

Albisteak (4)

Bideoak (1)