Euroagindua
Puigdemont aske utzi du Belgikako justiziak, bermerik ezarri gabe
agentziak | erredakzioa
Kataluniako presidente ohia bere kabuz joan da Bruselan agintari belgikarren aurrean azalpenak ematera, Auzitegi Gorenak igorri zuen atxilotzeko agindu europarraren harira.
Belgikako justiziak bermerik ezarri gabe aske utzi du gaur Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohia, epailearen aurrean deklaratu ostean. Puigdemontek bere borondatez deklaratu du gaur goizean, Auzitegi Gorenak igorri zuen atxilotzeko eta Espainiaratzeko europar aginduaren harira.
Presidente ohiaren bulegoak jakinarazi duenez, 09:00etan bertaratu da Puigdemont Justizia belgikarraren egoitzan.
Aipatu iturriek azaldu dute presidente ohia "prozedurari dagozkion pauso ofizial guztiak jarraitzen" ari dela, eta jakinarazpena jaso duenean "errefusatu" egin duela Espainiako agintarien esku uztea.
Epailearen aurretik igaro ostean aske utzi dutela iragarri du Kataluniako presidente ohiak: "Baldintzarik gabe libre utzi naute. Belgikako justiziaren esanetara nago".
Bermerik ez diote ezarri, baina bai pare bat baldintza: Belgikatik ateratzeko asmoa badu hala jakinarazi beharko dio agintaritzari, eta bizileku finkoa izango beharko du Belgikan.
Espainiak euroagindua berriro noiz bidali zain
Bruselako Fiskaltza Espainiako Justiziak euroagindua eta gainerako dokumentuak itzultzearen zain dago. Astelehenean igorri zuen euroagindua Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Nagusiko magistratuak, 'proces'eko politikariei 13 urtera arteko kartzela-zigorrak jarri zizkietela zabaldu ostean.
Fiskaltzak, ondoren, "azterketa sakona" egingo du, Belgikako Ministerio Publikoak azaldu duenez.
Auzitegi Nazionalak 2017ko azaroan eman zuen lehen atxiloketa euroagindua, Puigdemontek Belgikara ihes egin eta berehala. Hala ere, segituan geratu zen bertan behera, auzia Gorenera eraman zutenean.
2018ko martxoan berriro jarri zuten martxan, eta Alemanian atxilotu zuten Puigdemont, baina bertako auzitegiak errefusatu egin zuen matxinadagatik atxilotzea. Orduan, Llarenak ukatu egin zuen diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik atxilotzea, beste auzipetuekiko injustua izango litzatekeelako.
Llarena: "Puigdemontek ez immunitaterik"
Bien bitartean, Pablo Llarena 'proces' auziko epaile instruktoreak jakinarazi du berehala jakinaraziko diola Belgikako justiziari Puigdemontek ez duela immunitaterik ez baita Europako Parlamentuko diputatua.
Llarenaren hitzetan, Generalitateko presidente ohia ez zen Hauteskunde Batzorde Nagusira joan akta jasotzera (hala egin behar dela jasotzen du Hauteskunde Legeak), eta beraz, ez da eurodiputatua.
Bista, hilaren 29an
Ostiral honetan ere, Bruselako Fiskaltzak jakinarazi du hilaren 29an egingo dutela bertan Puigdemonten bista, lehen instantziako epaileak erabaki dezan Kataluniako presidente ohia Espainiako justiziaren esku utziko duen ala ez.
Auzitegiak hartu duen erabakiaren aurrean, nolanahi ere, helegitea jarri ahal izango da: lehenik, Apelazio Auzitegiaren aurrean; gerora, Kasazio Auzitegiaren aurrean. Bi kasuetan, Aretoak 24 ordu ditu erabakitzeko helegitea onartzen duen ala ez, eta beste 15 egun erabaki bat hartu eta ondorioztatzeko estradizio-agindua gauzatu ahal duen ala ez.