Itxi

5 GAU SUTAN

'Jarrera biolentoa duten pertsonak baztertzeko' eskatu du Generalitateak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Miquel Buch Barne kontseilariak aste honetako istiluen atzean dauden pertsonak "antisistemak, oso bortitzak eta oso antolatuak" direla esan du.

Atzo gauean Bartzelonan ateratako argazkia. EFE

Kataluniako istiluen jarraipenerako batzordeak bilera egin du goizean goiz Quim Torra Generalitateko presidentea buru zela eta "jarrera biolentoa duten pertsonak baztertzeko" eskatu dute.

Bosgarren gauez jarraian, istilu larriak izan ziren atzo Katalunia osoan, Bartzelonan batez ere, eta gaur 08:00etan hasi dute egoera aztertzeko bilera. Topaketan, Torraz gain, Pere Aragones presidenteordea, Miquel Buch Barne kontseilaria, Meritxell Budo Presidentzia kontseilaria, Ester Capella Justizia kontseilaria eta Alba Verges Osasun kontseilaria elkartu dira.

Generalitateko Presidentziak jakitera eman duenez, atzoko istiluak zein martxan jarritako segurtasun dispositiboa aztertu dute bileran.

Bilera horretan nabarmendu dute "mobilizazio baketsu eta zibikoen aldeko deia egin beharra dagoela, eta jarrera biolentoa duten pertsonak baztertu" behar direla.

Buchek ohartarazi du pertsona "antisistemak, oso biolentoak eta oso antolatuak" daudela istiluen atzean

Bilera honen ostean, eta Fernando Grande Marlaska Espainiako Barne ministroarekin beste bat egin ondoren, prentsaurrekoa eman du Buchek aste honetan izan diren istiluen inguruan hitz egiteko. Hala, istilu horien atzean dauden pertsonak "antisistemak, oso bortitzak eta oso antolatuak" direla esan du.

Poliziak izandako jarrerak eragin dituen kritiken inguruan galdetuta, Mossoek "koherentziaz, oportunitatez eta proportzionaltasunez" jokatu dutela esan du, "edozein polizia demokratikok jokatu behar duen moduan", eta Mossoek "etengabeko autokritika" egin dutela ere gaineratu du, "egunero hobetzeko". Ildo honetan, Mossoengan konfiantza osoa duela gaineratu du.

Azken egunotako segurtasun dispositiboa azaltzeko Parlamentuan agerraldia egiteko arazorik ez duela ere esan du Buchek, baina "amaitu eta gero, ez aurretik".

Bestalde, gaur 18:00etarako Urquinaona plazan deituta dagoen kontzentrazioa baketsua izatea espero duela esan du baina izango ez balitz, jendeari alde egiteko eskatu dio, "poliziei lana errazteko".

Albisteak (3)

Bideoak (3)