Itxi

Eusko Alkartasuna

Militanteei 'ahotsa' ematea eskatu du EAko sektore kritikoak

Agentzia | Erredakzioa

Leer en Castellano

Esther Larrañagak kritikatu duenez, primarioak "oztopo-lasterketa gaindiezina bihurtu dira, eta liskarrera eraman gaituzte".

Your browser doesn’t support HTML5 video

Alderdiko militantziari "ahotsa ematea" eskatu du Eusko Alkartasunako (EA) sektore kritikoak, barne-hauteskundeetan "bi proiektuen" artean erabaki ahal izateko, "gardentasunez eta baldintza berdinetan". Alderdiko hauteskunde antolakuntza batzordeak Maiorga Ramirezen hautagaitza baliogabetu zuen. Ramirezek erabakiaren aurka helegitea aurkeztu du. EAko idazkari nagusia izateko beste hautagaia Eba Blanco (sektore ofiziala) da.

Donostian egindako ekitaldian, Esther Larrañaga Eusko Jaurlaritzako sailburu ohiak kritikatu duenez, primarioak "militantziaren parte-hartze eta aktibaziorako prozesu bat izan beharko litzateke", baina "oztopo-lasterketa gaindiezina bihurtu da, eta liskarrera eraman gaitu". EAko ehunka militante eta kargudun izan dira ekitaldian, besteak beste, Maiorga Ramirez, Carlos Garaikoetxea lehendakaria eta Ikerne Badiola Gipuzkoako diputatu ohia.

Ramirezen hautagaitza baliogabetu zuen EAko hauteskunde antolakuntza batzordeak, Ipar Euskal Herritik aurkeztutako zazpi abaletatik bost baliozkoak ez direlakoan. Zentzu horretan, bizi diren tokiaren arabera, militante batzuen botoek beste batzuenak baino gehiago balio ote duten galdetu du Larrañagak.

EAko barne-hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko, gutxienez 50 abal beharrezkoak dira zazpi herrialdeetan, eta horietako bost gutxienez barruti bakoitzeko. Ramirezek 400 abal aurkeztu zituen eta Blancok 60.

Ipar Euskal Herritik aurkeztutako zazpi abaletatik bost baliogabetu zituen hauteskunde batzordeak; ondorioz, ordezkari nafarraren hautagaitza bertan behera utzi zuen.

Larrañagaren ahotan, alderdiak "jarraitu beharreko ildo politikoaren inguruan beti eztabaidatu izan du" EAko militantziak, eta kargudun publikoek "sozialdemokraziaren ahotsa erakundeetara eraman dute". "Gainera, EAk Euskal Herriko herri bakoitzaren bizitza sozial, politiko eta kulturala aktibatu du, eta militantzia eginez txoko guztietan zabaldu da", azpimarratu du.

Testuinguru honetan, "alderdi ereduaren inguruko erabakian parte hartu nahi du" EAko militantziak, eta horregatik "bozkatu" nahi du, erantsi duenez. Horrela, "militantziari ahotsa ematea" eskatu du, "afiliatuek nahi dugun alderdi eredua erabakitzeko".

 

Albisteak (5)

Bideoak (1)