Jaurlaritzaren soziometroa
EAJk lehen postuari eutsiko lioke A10ean, ordezkari bat irabazita
EITB.EUS
Inkestaren arabera, EH Bilduk eta PPk ere gora egingo lukete, baina eserleku kopuruan berdin mantenduta. Elkarrekin Podemosek, berriz, behera egingo luke, Bizkaian diputatu bat galduta.
Hauteskunde orokorrak gaur egingo balira, EAJk irabaziko lituzke EAEn, aurreko bozetan lortutako eserleku kopuruan gora eginda, gainera, Eusko Jaurlaritzako Soziometroaren arabera. Hala, zazpi diputatu erdietsiko lituzke, A28an baino bat gehiago.
Boto-asmoari buruzko inkesta horren arabera, EH Bilduk eta PPk ere gora egingo lukete, baina eserleku kopuru bera lortuko lukete: lau ordezkari eta ordezkaririk ez, hurrenez hurren. Elkarrekin Podemosek, aldiz, behera egingo luke, Bizkaian diputatu bat galduta, hau da, hiru eskuratuko lituzke. PSE-EEk, berriz, duela sei hilabete erdietsitako babes bera izango luke.
Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak urriaren 1etik 9ra egin zuen boto-asmoari buruzko inkesta, 2.170 elkarrizketa eginda. Hauteskunde orokorrei buruz galdetzeaz gain, EAEko hauteskunde autonomikoen inguruan ere itaundu diete herritarrei.
Hauteskunde autonomikoei dagokienez, inkestak EAJren garaipena aurreikusten du, 2016ko emaitzak hobetuta. Jeltzaleek eserleku gehiago lortuko lituzkete (30 legebiltzarkide). PSE-EEk (EAJren gobernu-koalizioko kideak) ere gora egingo luke, hiru ordezkari gehiago lortuta (9tik 12ra igoko litzateke). Horrela, koalizioa berriz osatuz gero, bi alderdiek gehiengo absolutua —38 legebiltzarkide— izango lukete Eusko Legebiltzarrean (gaur egun, baten faltan daude). EH Bilduk bigarren indar bozkatuena izaten jarraituko luke, baina ordezkari bat galduta (18tik 17ra jaitsiko litzateke). Elkarrekin Podemosek ere behera egingo luke (11 legebiltzarkidetik 9ra). Alderdi Popularrak 2016an baino emaitza kaskarragoak izango lituzke, bi legebiltzarkide gutxiago lortuta (9tik 7ra). Ciudadanosek eta Voxek ez lukete ordezkaritzarik lortuko.
Mas Paisek Elkarrekin Podemosi egingo lioke kalte Bizkaian
Hauteskunde orokorrei dagokienez, EAJ izango litzateke indar bozkatuena EAEn (botoen % 31,8), zazpi diputatu lortuta (orain baino bat gehiago). Jeltzaleek lau eserleku erdietsiko lituzkete Bizkaian (bat gehiago), bi Gipuzkoan eta bat Araban.
Sozialistek bigarren postuari eutsiko liokete, botoen % 19,2 (A28an erdietsitakoaren antzekoa) eta lau eserleku lortuta (bat Araban eta Gipuzkoan, eta bi Bizkaian).
EH Bildu hirugarren indar bozkatuena izango litzateke (botoen % 17,1), lau diputaturen markari eutsita. Bi lortuko lituzke Gipuzkoan, eta bana Bizkaian eta Araban (azken eserlekua PPren mesedetan gal lezake).
Elkarrekin Podemosek babesa galduko luke (botoen % 15,8) eta diputatu bat Bizkaian. Kontuan hartu behar da Mas Pais, Iñigo Errejonen koalizioa, lehen aldiz aurkeztuko dela lurralde horretan, eta, inkestaren arabera, botoen % 1 erdietsiko luke.
PPk, aldiz, gora egingo luke, botoen % 8,2 lortuta (% 1 gehiago lurralde bakoitzean), baina ez litzateke nahikoa izango Kongresuan ordezkaritza lortzeko. PPren igoera hori Ciudadanosen kaltean izango litzateke.
Voxek lortutako babesa % 4tik beherakoa izango litzateke, A28rekin alderatuta apur bat gora egingo balu ere.