Itxi

Bizkaia

Rementeria: 'Duela hilabete batzuk baja eman nuen ELAn, garai berrietan ez dagoelako'

Radio Euskadi | Erredakzioa

Leer en Castellano

Bizkaiko ahaldun nagusiak "jokabide etikoa" eskatu die lagundu gabeko adingabe atzerritarrei, adin nagusitasuna betetzen dutenean laguntza publikoa jasotzeko.

VOXen ekitaldiaren aurka ibili direnak Abascali "jokoa egin" diote. Argazkia: Radio Euskadi

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak salatu duenez, VOXen ekitaldiaren aurka protestaka ibili direnak Santiago Abascalen alderdiari mesede egin diote, "VOXek horretarako gidoia prestatuta baitzuen, eta ezin gara horretan erori", esan du astelehen honetan Radio Euskadiko Boulevard saioan.

Bestalde, Rementeriak "elkartasuna" helarazi die Kataluniako herritarrei. Azken egunotako liskarren harira, "modu baketsuan manifestatu diren milaka herritarrak eta liskarrak bereizi behar ditugu", esan du. Horren harira, "herritarrek babestu egingo dituzte agintari politiko ausartak eta Kataluniari irtenbide politikoa ematen diotenak", gaineratu du Rementeriak.

Brexitari eta errenta irregularrak erakartzeko zerga aldaketei buruz galdetuta Rementeriak adierazi duenez, "ez dugu ur nahasietan arrantza egin nahi; enpresa berriak sortu eta talentua finantzatzen duten kudeatzaileak erakarri behar ditugu", azpimarratu du.

Bestalde, Athletici eragiten dizkioten aldaketen harira, EAJk sozialisten kritikak jaso ostean, PSE-EErekin harremana ez dela okertu esan du Bizkaiko ahaldun nagusiak: "Helburua bete dut, eta, beharrezkoa bada, autokritika egin dut".

"Madrilera ihes egin duten fortuna handiak daude", deitoratu du ahaldun nagusiak. Ildo horretan, "errenta aitorpena beste leku batera eramateak kezkatzen nau", eta, hori dela eta, "gure bizi-kalitatea hobetzen saiatzen naiz", azaldu du.

Eusko Jaurlaritzak tutorerik ez duten adingabeentzat proposatutako Eskubide eta Betebeharren Kontratuari buruz ere aritu da Rementeria, horretan parte hartuko duela esateko. 18 urte betetakoan ere, "eskubideak eta betebeharrak dituzte, eta, besteak beste, lagun hurkoa, arauak, eta emakumeekiko tratuan jokabide etiko bat errespetatu behar dituzte", esan du.

"Duela hilabete batzuk baja eman nuen ELAn, garai berrietan ez dagoelako", adierazi du Rementeriak, "sindikatu moderno batek ezin duelako konfrontazio iraunkorrean egon". Ildo horretan, "ulertu behar dute konponbidea ez dagoela kaleetan, mahai gainean baino", eta sindikatuei eta patronalari elkarrizketarako deia egin die, "besteen larruan jar daitezen" akordioak lortzeko.

2020ko Eurokoparen esparruan Espainiako selekzioak San Mamesen izango duen presentziaren inguruan galdetuta, Rementeriak honakoa esan du: "Ez dakit joango naizen. Euskal selekzioaren partida bat ikustea gustatuko litzaidake".