Itxi

Nafarroako Auzitegi Nagusian

Nafarroako Gobernuak ez dio helegiterik jarriko euskararen dekretuaren epaiari

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Hala iragarri du Maria Chivite presidenteak eta nabarmendu du erabakia "Gobernu osoarena" dela. Epaiak sortutako hutsune legalari "konponbide bat" emateko lanean ari da orain Gobernua.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Maria Chivite Nafarroako presidenteak gaur iragarri dionez, ez dute errekurrituko Nafarroako Auzitegi Nagusiak euskaren dekretuaren aurka emandako epaia, "segurtasun juridikoko arazoak" aipatuta

Kazetarien aurrean egindako adierazpenetan nabarmendu duenez, "Nafarroako Gobernuak beti azpimarratu du segurtasun juridikoa babestu beharrekoa dela, batez ere lan eskaintza publikoetan eta lehiaketa oposizioetan".

Chiviteren esanetan, "lantalde bat dugu epaiak sortu duen hutsune legal horri arau bidez konponbide bat emateko".

Gobernua babesten duten alderdiek erabakiarekin bat egiten ote duten galdetuta, baietz erantzun du Chivitek, erabakia "gobernu osoarena" dela.

Arau berria onartzeko epeaz ere itaundu diote baina Nafarroako presidenteak ez du zehaztu: "Lantalde bat dugu horretan. Garrantzitsuena ez da arin egitea, ondo egitea baizik. Adostu egin nahi dugu. Akordio programatikoak berak jasotzen duenez, adostasun sozial, politiko eta sindikal zabala lortu behar dugu euskararen arau berrian".

Nafarroako Gobernua babesten duten beste hiru alderdiak (Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerra) helegitea aurkeztearen aldekoak ziren, eta EH Bilduk ere hori egitea eskatu zuen. Kontseiluak deituta, elkarretaratzea egin zuten ehunka euskaltzalek Gobernuari hizkuntza eskubideak bermatzeko eskatuz.

Albisteak (4)

Bideoak (1)