Itxi

2020rako kontu publikoak

Aurrekontu proiektua Eusko Legebiltzarrera heldu da

eitb.eus

Leer en Castellano

2020rako Aurrekontu Lege-proiektua entregatu dio Azpiazuk Tejeriari. Ogasun eta Ekonomia sailburua EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PPrekin harremanetan jarriko da astelehenetik aurrera.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak 2020rako Aurrekontu Lege-proiektua entregatu dio Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteari ostiral honetan. Egitasmoa iragan asteartean onartu zuen Eusko Jaurlaritzak.

2020rako EAEko aurrekontuen proiektua 10 milioi euro murriztu da aurtengo kontuen aldean, 11.744 milioi euroraino, Euskadik zor publikoa amortizatzeko behar txikiagoa duelako.

EAJk eta PSE-EEk ez dute, oraingoz, aurrekontuak aurrera ateratzeko babes nahikorik.

Legebiltzarrera heldu ondoren, kontu publikoen tramitazioa hasiko da Ganberan. EAJk eta PSE-EEk ez dute gehiengo osorik, ondorioz, oposizioko talde politiko batekin akordioa itxi beharko dute, aurrekontuak behin betiko onartzea bermatzeko.

Azpiazu EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PPrekin harremanetan jarriko da astelehenetik aurrera, negoziazioak abiatzeko. Bilera-sorta publikoa izango da.

Horrela, bozketan oposizioko talderen baten babesa edo abstentzioa lortzen saiatuko da Exekutiboa, bestela, bigarren urtez jarraian, 2018ko aurrekontuak luzatu beharko lituzke.

Azpiazu EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PPrekin harremanetan jarriko da astelehenetik aurrera

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak Gobernu Kontseiluaren asteartean azaldu zuenez, 2020an Jaurlaritzak 2019an baino % 2,9 (301 milioi euro) gehiago bideratuko ditu politika publikoetara.

Halaber, Eusko Jaurlaritzak inbertsio publikoaren aldeko apustua egiten jarraitzen duela esan zuen sailburuak, % 10,2ko hazkundea izan baitu, 1.093 milioi euroraino, 2019an baino 101,5 milioi euro gehiago.

Bestalde, Azpiazuk nabarmendu zuen aurrekontuaren % 10,5 (1.236 milioi euro) genero ikuspegiko politikak sustatzera bideratuko dela. Uztailaren 30ean Larrialdi Klimatikoaren Adierazpena onartu ondoren, 540 milioi euro erabiliko dituzte aldaketa klimatikoaren aurka borrokatzeko.

Osasun Saila izango da berriro aurrekontu handiena izango duena: 3.941,5 milioi euro. Hezkuntza Sailak, bere aldetik, 2.919,2 milioi euro izango ditu, hau da, 2019an baino 74 milioi gehiago.

Horrez gain, 2020ko aurrekontuak honako helburu hauek izango ditu: gizarte arrakala, belaunaldien artekoa eta arrakala digitala murriztea; lehentasuna ematea hezkuntzan berdintasuna, bikaintasuna eta gizarteratzea sustatzen duten jarduerei, eta pertsonen enplegagarritasuna bultzatzen duten jarduerei; eta garapen ekonomikoa, berrikuntza eta I+G+B sustatzea.

Aurrekontuak "zuhurrak" dira eta "konfiantzazko egoera" batean kokatzen dira, sailburuaren esanetan; izan ere, EAEko ekonomiaren hazkundea eurogunekoa (% 1,2), Europar Batasunekoa (% 1,4), Alemaniakoa (% 0,4), Frantziakoa (% 1,4) eta Erresuma Batukoa (% 1,2) baino handiagoa izango da, eta Espainiakoaren parekoa (% 2,0).

Albisteak (2)

Bideoak (1)