Itxi

'Proces'aren epaiaren ondoren

Autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko bat egin dute hainbat indar subiranistek

eitb.eus

'Llotja de Mar-ko Adierazpena'ren sinatzaileek (JxCat, ERC, CUP, EH Bildu, BNG, besteak beste) "erabateko demokrazia" falta salatu dute, eta nazioarteari babesa eskatu diote.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Katalunia, Euskal Herria, Galizia, Balear Uharteak eta Valentziako indar politikoek, besteak beste, JxCat, Democrates de Catalunya, ERC, CUP, EH Bildu, BNG, Esquerra Valenciana eta MESek, adierazpen bateratua sinatu dute Bartzelonan, eta "herrien autodeterminazio eskubidea" defendatzeko konpromisoa hartu dute.

'Llotja de Mar-ko Adierazpena'ren sinatzaileek Espainiako Estatuaren "demokrazia" falta salatu dute. Era berean, irtenbide bat bilatzeko nazioarteari inplikazioa eskatu diote.

Pere Aragones (ERC), David Bonvehi (PDeCAT), Arnaldo Otegi eta Maddalen Iriarte (EH Bildu) ekitaldian izan dira.

Sei puntuko adierazpenean, proces auziko epaia kritikatu dute sinatzaileek, eta "ekintza politikoaren murrizketa larri" bat dela azpimarratu dute. Euren ekintza politikoaren "izaera demokratikoa eta baketsua" nabarmendu dute sinatzaileek. "Preso politikoen askatasuna eta erbesteratuen itzulera" eskatu dute. Era berean, "askatasun zibil eta politikoak, baita sozial eta ekonomikoak ere" aldarrikatu dituzte, "gure herrien aurrerapena ahalbidetzeko".

"Gatazka politikoari konponbide demokratiko eta egonkorrak" bilatzeko konpromisoa hartu dute indar subiranistek. Sinatzaileen hitzetan, nazioarteak "irtenbideok bultzatu, posible egin eta babestu beharko lituzke".

"Estatuaren erabateko demokratizazioa ezinezkoa da aurreko erregimeneko egitura zaharren oposizioagatik eta Espainiako alderdi nagusien borondate politiko faltagatik", berretsi dute. "Giro politiko, judizial, ekonomiko, polizial eta mediatiko zehatzek Espainia Zuzenbidezko Estatu demokratiko eta moderno batean bihurtzea eragotzi dute", salatu dute.

'Llotja de Mar-ko Adierazpena'ren arabera, Espainiako Estatua "atzerakada garai batean" sartu da, horrek "atzerapauso demokratikoak" ekarri ditu. Besteak beste, "autonomia, autogobernua eta eskubide guztiak bertan behera uzteko mehatxuak", "buruzagi politiko eta sozialen atxiloketa bidegabeak", "ekintzaileen eta jarduera politikoen jazarpena" eta "salbuespeneko espetxe politika eta legediak" aipatu dituzte sinatzaileek.

EAJk ez du adierazpena sinatu, "espiritu konstruktiborik" apenas duelako. Gainera, ez da "unerik aproposena" hauteskundeetarako hamar egun falta direnean, jeltzaleek erantsi dutenez.

Edukiari dagokionez, hasiera batean, gaur sinatutako adierazpena 1998an izenpetutako Bartzelonako Adierazpenaren "bigarren bertsio" bat bezala planteatu zitzaiela azaldu du EAJk. Manifestu hura CiUk, jeltzaleek eta BNGk sinatu zuten.

"Baina gaurko adierazpenak Espainiako Estatuaren ikuspegi negatiboan eta salaketan oinarritzen da ia esklusiboki, apenas espiritu konstruktiborik eta proposamenik gabe; Bartzelonako Adierazpenak Euskadi, Katalunia eta Galiziaren aitortza nazionala eskatu, Estatu eredua agortutzat jo eta Estatuaren egitura autonomikoa eraldatzea proposatu zuen", gogorarazi du EAJk.

Uneari dagokionez, EAJren ahotan, Adierazpena ez da "unerik aproposenean heldu, hauteskunde-kanpaina hasteko hamar egun falta direnean eta giro politiko nahasian".

Bideoak (2)