KATALUNIA
Bartzelonan egingo den manifestazioan parte hartzera deitu du Tsunami Democraticek
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Omnium Cultural eta ANC plataformek deituta, 'Estatu espainiarraren errepresioaren' kontrako manifestazioa dago deituta gaurko Bartzelonan.
Kataluniako independentzia prozesuaren kontrako sententzia kaleratu zenetik egin diren mobilizazioetan polizia indarrek egin dituzten "erasoak" salatu ditu Tsunami Democratic plataformak, eta hori salatzeko gaur Bartzelonan egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin du.
Sare sozialen bidez zabaldutako agiri batean, Tsunami Democraticek esan du "Katalunian debekatuta dauden prozedurak eta erremintak" erabili direla azken asteotan, protestetan parte hartu duten herritarren kontra egiteko. Zauritutako pertsona guztiei "elkartasuna" adierazi die plataformak, eta kalean lanean aritu diren kazetariei ere babesa agertu die.
Era berean, Kataluniako hainbat tokitan egin diren ekintzak indarkeriarekin edota terrorismoarekin lotzea onartezintzat jo dute, gaur kaleratutako agirian. "Manifestazioak egitea, protestatzea edota kanpainak egitea terrorismoa bada, Estatuak dauka arazoa, ez protestan ari diren herritarrek", gehitu dute. Halaber, Tsunami Democraticen web orria itxi izana ere gogor kritikatu dute, eta adierazpen askatasunaren kontrako erasotzat jo dute.
Datozen asteotarako deituko dituzten ekintza zehatzen berri ez dute eman, baina iragarri dutenez, azaroaren 10eko hauteskunde orokorren bezperan, hausnarketa egunean, ekimen berezi bat egingo dute. Azaroaren 11rako, 12rako eta 13rako ere deialdiak egingo dituzte, eta abenduaren 18an, Bartzelonaren eta Real Madrilen arteko futbol partida jokatuko denean, zerbait deigarria egitea dute pentsatuta. Horretarako, aplikazioa erabiltzen jarraitzeko deia egin diete herritarrei, eta gaurko manifestazioan aplikaziorako kodeak banatuko dituztela ere jakinarazi dute.
Kataluniako mugimendu independentistaren "transbertsalitatea" nabarmendu dute komunikatuan, eta euren ekintza bakoitzean elkarrizketa aldarrikatuko dutela ziurtatu dute.