EITB FOCUS
EAJk irabaziko lituzke A10eko hauteskunde orokorrak EAEn, 7 ordezkari lortuta
EITB.EUS
EH Bilduk ere gora egingo luke, eta, EAEko lau ordezkariei eusteaz gain, Nafarroan bat eskuratuko luke. Arabako azken eserlekua, berriz, Elkarrekin Podemosen eta PPren artean jokoan legoke.
Your browser doesn’t support HTML5 video
EAJk irabaziko lituzke azaroaren 10eko hauteskunde orokorrak Euskal Autonomia Erkidegoan, botoen % 32,6 eskuratuta, apirileko bozetan baino puntu bat gehiago. Emaitza horiekin, zazpi eserleku izango lituzkete jeltzaleek Madrilgo Kongresuan, egun baino bat gehiago. Bizkaian aterako luke EAJk zazpigarren diputatu hori, Elkarrekin Podemosen kaltetan.
Nafarroan, NA+ izango litzateke lehen indarra, botoen % 28,5ekin, aurreko hauteskundeetatik puntu eskas galduta. EH Bilduk ia bi puntu egingo luke gora Foru Erkidegoan, eta eserlekua lortuko luke koalizio abertzaleak.
Gaur kaleratu den XVI. EiTB Focus inkesta inkestaren emaitzak dira, astebete barru egingo diren hauteskundeei begira. EAEko eta Nafarroako boto-emaileei, besteak beste, boto-asmoari buruz eta ordezkari politikoen inguruan duten iritziari buruz galdetu zaie. Urriaren 28tik 30era egin zen galdeketa EAEko herritarren artean, eta urriaren 25ean Foru Erkidegokoen artean.
Boto-asmoa EAEn
EAEko emaitzei dagokienez, EAJk erraz irabaziko luke, botoen %32,6 jasota. Jeltzaleen ondoren, PSE-EE (%19,7) litzateke indar bozkatuena, eta, sozialistengandik oso gertu, hirugarren lekuan, EH Bildu legoke (% 18,3), A28ko bozetan baino bi puntu gehiago lortuta. Bi taldeok launa diputatu izango lituzkete. Laugarren tokian, Elkarrekin Podemos egongo litzateke (% 14,9), eta boto kopuruan hiru puntuko jaitsiera izango luke. Bosgarren indarra PP litzateke. Eta atzetik, C’s, VOX eta Mas Pais leudeke, ordezkaritzarik gabe.
Hiru lurraldeetan irabaziko lituzke hauteskundeak EAJk. Araban izango luke gorakadarik handiena, aurreko bozekin alderatuta: botoen % 25,6 jasoko lituzkete jeltzaleek lurralde horretan, eta, atzetik, lau puntura, PSE-EE izango lukete, zertxobait behera eginda. EH Bildurentzat litzateke hirugarren lekua, bi puntu eta erdiko gorakadarekin. Hiru taldeok eserleku bana eskuratuko lukete. Elkarrekin Podemosek kolokan izan dezake bere ordezkari bakarra, PPren mesedetan.
Bizkaian ere, jeltzaleak nagusi (% 35,2), ia puntu bat gora eginda eta lau eserleku lortuta, aurrekoetan baino bat gehiago. Bigarren tokian, eta alde handiarekin, PSE-EE legoke, bi ordezkarirekin. Elkarrekin Podemos litzateke Bizkaiko hirugarren indarra, eta bitik batera jaitsiko litzateke bere ordezkari kopurua. EH Bildu litzateke laugarren taldea, hori ere, ordezkari batekin.
Galdeketaren arabera, Gipuzkoako lehen indarra ere EAJ litzateke (% 31,3), eta bigarrena, EH Bildu (% 25,5), eta biek bina diputatu izango lituzkete Kongresuan. PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek eutsi egingo liokete lurralde honetako ordezkariari, alderdi moreak hiru puntu pasako jaitsiera izango badu ere.
Hautagaien inguruan duten iritziari buruz ere galdetu zaie herritarrei inkesta honetan, eta, 1etik 10era, notarik altuena Aitor Esteban jeltzaleak eta Mertxe Aizpurua EH Bilduko hautagaiak jaso dute, 6,9 eta 6 puntu, hurrenez hurren. Elkarrekin Podemoseko Juantxo Lopez de Uralderi, batez beste, 5a eman diote boto-emaileek, eta Patxi Lopez sozialista eta Mari Mar Blanco popularra ez dira erdiko langa horretara iritsi.
Botoa aurreko alderdi berari emango dioten galdetuta, EAEko herritarren % 71k baietz erantzun dute, eta % 11,8k aldatu egingo omen dute.
Boto-asmoa Nafarroan
Aurreko hauteskunde orokorretan bezala, NA+ koalizioak jasoko lituzke boto gehien (% 28,5), puntu eskas behera egingo lukeen arren. Bi eserlekuei eutsiko lieke UPNk, PPNk eta Ciudadanosek Foru Erkidegoan osatutako taldeak. PSN litzateke bigarren indarra, aurrekoetan lortutako emaitza bertsuarekin, baina bi ordezkaritik bat galduta. Unidas Podemosek mantendu egingo luke Nafarroako eserlekua, eta EH Bildurentzat izango litzateke sozialistek galdutako diputatua. Ezker abertzaleko koalizioak ia bi puntu egingo lituzke gora.
Azkenik, inkestak utzitako datuei erreparatuta, abstentzioa % 32,6koa litzateke batez beste Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta % 29koa Nafarroan.
Fitxa teknikoa
EAEn bizi diren 1.200 pertsonak (Arabako 400, Bizkaiko 400 eta Gipuzkoko 400) parte hartu dute Gizakerrek EiTBrentzat egindako inkestan.
La= ±% 2,83, konfiantza-maila % 95, p=q=0'5, EAEko datuetarako.
Inkesten % 24,3 euskaraz egin dira, eta gainerako % 75,7ak, gaztelaniaz. Inkesta egiteko hautatutako udalen populazio-tamainagatik haztatutako erabateko emaitzak dira.
Landa-lana 2019ko urriaren 28tik 30era bitartean egin zuten, elkarrizketak telefonoz eginez.
Nafarroan 400 herritar elkarrizketatu dira; horietatik % 8 euskaraz, eta % 92 gazteleraz.
La= ±% 4,90, konfiantza-maila % 95, p=q=0'5, Nafarroako datuetarako.
Inkesta egiteko hautatutako udalen populazio-tamainagatik haztatutako erabateko emaitzak dira.
Landa-lana 2019ko urriaren 25ean egin zen, elkarrizketak telefonoz eginez.