Akordioa
Iglesias izango da presidenteordea PSOEren eta Unidas Podemosen koalizio gobernuan
Agentziak | Erredakzioa
Gobernuaren egitura inbestidura-saioaren ostean zehaztuko dute.
Unidas Podemoseko idazkari nagusi Pablo Iglesias izango da PSOEk eta Unidas Podemosek osatutako koalizio-gobernuaren presidenteordea, Pedro Sanchez PSOEko hautagaia presidente inbestitzeko babesak lortu ondoren, akordioaren xehetasunen berri duten iturriek Europa Pressi jakinarazi diotenez.
Gobernuaren egitura zein den inbestidura-saioa eginda emango dute jakitera. Astearte honetako prentsaurrekoan, bi liderrek ondorengo asteotan lanean hasiko direla zehaztu dute, akordio programatikoak eta Gobernua adosteko. Horretarako, kargu bakoitzerako profilik egokienak izango dituzte kontuan.
Hauteskunde orokorrak egin eta bi egunera heldu da PSOEren eta Unidas Podemosen arteko akordioa. Bi alderdiek galdu dituzte aulkiak oraingo hauteskundeetan, apirilaren 28ko emaitzekin alderatuta.