Itxi

Elkarrizketa

Mendiak, ERCri eta EH Bilduri: 'Gobernu aurrerakoia edo Voxekin batera bozkatu'

Radio Euskadi | Erredakzioa

Leer en Castellano

PSE-EEko idazkari nagusiaren iritziz, Sanchezen inbestidura ez lukete negoziatu beharko independentistekin: "Gobernu honetan parte hartzerik ez dugu behar".

Idoia Mendia, elkarrizketan. Argazkia: Radio Euskadi.

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak adierazi du ERCk eta EH Bilduk "erabaki" beharko dutela ondorengo asteotan, PSOEk eta Unidas Podemosek gobernu-akordioa sinatu ostean, zer nahiago duten: "Gobernu aurrerakoia edo Voxekin batera bozkatu".

Radio Euskadiko 'Boulevard Informativo' saioan egindako elkarrizketa batean, Mendiak nabarmendu du "boto-emaile aurrerakoiak" ilusioa berreskuratuko duela Pedro Sanchezek eta Pablo Iglesiasek astearte honetan iragarritako akordioarekin.

"Independentistek euren burua argitu beharko dute", adierazi du Idoia Mendiak, alderdi horien abstentzioaren beharraz galdetu diotenean: "EH Bildu egoera berean dago; aukeratu behar du zer nahi duen: Gobernu aurrerakoi bat izan edo ultraeskuinarekin batera bozkatu". Mendiak esan du PSOEk eta Unidas Podemosek ez dutela behar independentistek Gobernuan parte hartzea, eta EAJri dagokionez, Mendiak esan du espero duela alderdi horren zazpi diputatuek Sanchezen aldeko botoa ematea inbestidura-saioan.

PSOEk eta Unidas Podemosek emandako aurrerapausoarekin, alegia, "lau urterako akordioa" lortuta, egoera "desblokeatu egin da". Mendiak nabarmendu duenez, PSOE aurretik ere ahalegindu da Gobernua osatzen, "baina orain da posible; izan ere, hauteskundeak egiten diren bakoitzean, egoera politikoa aldatu egiten da". Bestalde, deitoratu duenez, "PPk ultraeskuinaren diskurtsoa erosi du. Vox Konstituzioaren balio guztien aurkakoa da".

"Herrialde-erronkak"

Mendiaren esanetan, "hainbat herrialde-erronkari heldu beharko diegu: ekonomia, eskubideak, demografia, ultraeskuina geldiaraztea…". Bestalde, PSE-EEko idazkari nagusiak "europar eta zentro-eskuineko alderdia" izatea eskatu dio PPri.

"Lurralde-erronkari" heltzeko, erreforma konstituzionala eskatu du, "ikuspegi federaletik hartuta". Kataluniarako bere apustua da "elkarrizketa, Konstituzioaren barnean", aurreakordioan jasota dagoenez. Pedro Sanchezek hitzemandako neurriek indarrean jarraitzen duten galdetuta (besteak beste, erreferendumak zigor-arloan tipifikatzea), Mendiak ez du argitu: "Ikusi beharko da akordioan dagoen ala ez".

Mendiak azpimarratu du PSOEren lurralde-politika Mariano Rajoy Espainiako presidente zegoela indarrean zegoena baino askoz ere irekiagoa izango dela: "Hau lehen harria da. Gobernua martxan dugunean, eskumenen agenda desblokeatzeko bide guztiak aktibatuko ditugu berriro ere".

Lasaitasun-mezua bidali die merkatuei eta langileei: "Espainiako Gobernuak konpromisoa du aurrekontu-ortodoxiarekin, desparekotasuna geldiarazita".

"Argi dago PSE-EE sendotuta dagoela, hauteskunde-ikuspegitik", esan du Mendiak. "Podemos", berriz, "abertzaleen proposamenen atzetik joaten da", horren hitzetan.

Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du

Audioak (1)