Itxi

Zenbaketa

EAJk zazpigarren eserlekua galdu du, PPren mesedetan

eitb.eus

Leer en Castellano

EAJk iragarri du ez duela zenbaketa inpugnatuko, eta PP zoriondu du. Fanjul izango da PPren diputatua Kongresuan, eta "nazionalismoari aurre" egitera joango dela esan du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

EAJk galdu egin du zazpigarren eserlekua PPren mesedetan, Bizkaian, atzerrian bizi diren hautesleen botoa zenbatu ostean, PPko iturriek Europa Press albiste agentziari jakinarazi diotenez.

Joan den azaroaren 10eko hauteskunde orokorren ostean, popularrak ordezkaritzarik gabe geratu ziren Gorte Nagusietan Euskadiren aldetik, baina Bizkaian 163 botoko aldearekin geratu zen EAJ. Horrela, jeltzaleek lortuko zuketen Jon Aiartza Kongresura joatea lurraldeko laugarren diputatu bezala, Beheko Ganberan zazpigarren eserlekua izango litzatekeelarik.

Baina azkenean eserleku hori PPren esku geratuko da, eta Beatriz Fanjul izango da Bizkaiko PPren ordezkaria.

Aldaketa horrekin, PPk 89 diputatu izango ditu; eta EAJk, berriz, 6.

EAJk ez du helegiterik jarriko

Aitor Esteban Kongresuko PNVren bozeramaileak esan du Bizkaian diputatu bat galdu izana "dezepzio txikia" dela, baina ez duela "inola ere" bere alderdiak EAEn lortu duen "erabateko garaipena zikintzen".

EAJren eledunak iragarri du ez dutela helegiterik jarriko atzerriko boto-emaileen zenbaketaren aurka, nahiz eta horretarako epearen barruan dagoen, eta PP zoriondu du.

Estebanek gogorarazi duenez, "zazpi edukitzea sei edukitzea baino hobea" den arren, EAJk hauteskunde orokorretarako jarriak zituen hiru helburuak bete ditu: EAEko hiru lurraldeetan irabaztea, sei eserleku lortzea Kongresuan, eta talde propioa izatea.

Fanjul, "nazionalismoari aurre" egitera

Fanjulek, EAEtik Kongresura joango den PPko diputatu bakarrak, esan du gaurko izendapenarekin "etorkizun oparoa" datorrela Euskal Herriarentzat, "nazionalismoari aurre" egingo diolako.

Diputatu izendatu berriak eskerrak eman dizkie alderdikideei, boto-emaileei eta alderdiaren zuzendaritzari, Pablo Casado presidenteari bereziki, "hautagai izan nadin ahal zuen guztia" egin zuelako. "Konfiantza izan zuen nigan, eta eserleku bat gehiago lortu du", azaldu du.

Kongresuan duen asmoa hau omen da: "Euskal herritar eta espainiar sentitzen garen bizkaitarrei ahotsa eman, etorkizuneko Euskal Herrian sinesten dugun, eta Konstituzioa eta demokrazia defendatzen ditugun bizkaitarron ahotsa. Nazionalismoari aurre egingo diogu, eta baita Bilduri ere, ezin baitu Espainiaren gobernagarritasunean parte hartu".

Terrorismoaren biktimei ere aitortza egin nahi izan die, eta hitzeman die bere alderdiak "sekula ez" dituela ahaztuko.

Pablo Casado PPren buruak, berriz, mezua bidali dio Twitter bidez.

Bideoak (1)