Itxi

Elkarrizketa

Arnaldo Otegi: 'EH Bildu baztertzeko politikarekin bat egiten al du Podemosek?'

Radio Euskadi | Erredakzioa

Leer en Castellano

EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ez du argitu inbestidura saioan zer bozkatuko duten, eta bi alderdiei galdetu die ea "78ko erregimenari txapa eta pintura berritzera" mugatu nahi diren.

Arnaldo Otegi, Radio Euskadiren estudioetan. Argazkia: EiTB

PSOEk eta Unidas Podemosek gobernua osatzeko aurreakordioa lortu berritan, elkarrizketa egin diote gaur Radio Euskadin Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiari. Adriana Lastra buruzagi sozialistak koalizio abertzaleko bost diputatuekin biltzeari uko egin diola eta, galdera bota du Otegik: "EH Bildu baztertzeko politikarekin bat egiten al du Podemosek?". Izan ere, buruzagi abertzalearen hitzetan, Unidas Podemosen idazkari nagusia ministroen kontseiluan egoteak ez du ezertxo ere bermatzen: "Pablo Iglesiasek bidesaria ordaindu behar izan du gobernuan egoteko: aurreakordioren bederatzigarren puntua".

Ohartarazi duenez, bi alderdien arteko gobernu horrek "agenda demokratizatzailerik ez badu kale egingo du. Eta gobernu horrek porrot egiten badu, hiru menderako izango dugu eskuina Espainiako Estatuan".

EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ez du argitu bere bost diputatuek zer bozkatuko duten inbestidura saioan. Otegiren hitzetan, "independentismo guztiarekin batera bozkatzen saiatuko gara, nahiz eta zaila izan. PSOE gu zatitzen saiatuko da eta", nabarmendu du.

Kontra bozkatzekotan Voxekin bat egingo luketela dioten horiei erantzunez, Otegik esan du "tranpa" dela hori. Aitortu du eskuineko gobernu bat baino hobea dela PSOE-Unidas Podemos alderdien gobernu bat, baina "eskuinak irabazten badu, bi urteren buruan leku berean egongo gara".

Sozialistek eta Unidas Podemosek adostutako 10 puntuko aurreakordioari buruz, Otegik adierazi du "etsipen handia" eragin diola, batez ere bederatzigarren puntua. Azken aurreko puntu horrek dioenez, Katalunian "bizikidetza arazo" bat dago. Koalizio abertzaleko buruzagiaren aburuz, "aukera gauzak aldatzeko baliatu behar dute, bestela eskuina edukiko dugu gobernuan, uste duguna baino lehenago".  Otegirentzat, "Pablo Iglesiasek bidesaria ordaindu du gobernuan egoteko: bederatzigarren puntu hori".

Hori horrela, dei egin dio PSOEri elkarrizketa "agenda demokratizatzaile" batekin abiatzeko, eta bi alderdiei galdetu die ea "78ko erregimenari txapa eta pintura berritzera" mugatu nahi diren. "Txapa eta pintura edo Voxi ateak itxiko dizkion prozesu demokratizatzaile bat, horra hor dilema", erantsi du Otegik. "Nafarroari ateak itxi genizkion Nafarroan, baina orain ez gaude apirileko egoera berean. Zein da topatuko dugun Sanchez? Eskuinari ateak ixtea, ondo, baina gero zer?", galdetu du.

"Eskuinak egiten duenaren gutxi gorabeherako bat egiteak ez gaitu inora eramango. Koalizio gobernuak programarik ez badu, porrot egingo du. Ez dut uste proiektu sendoa denik, arinegi adostu dutelako", adierazi du.

Tsunami Demokratikoak Behobiako muga blokeatzeko deialdiaren harira Otegik esan duenez, "mobilizazio horiek errespetua merezi dute, modu baketsuan eta demokratikoan egiten direlako. Ulertzen dut eragozpenak sortzen dituztela, baina grebekin ere gauza bera gertatzen da. Idoia Mendiari esango nioke langileen borrokak errepideak ixten egin duela aurrera".

Albisteak (2)