Auzitegi Gorena
Bateragune auziko defentsak zigor epaia baliogabetzeko helegitea aurkeztuko du
EITB.EUS
Epaia baliorik gabe geratuko balitz, Arnaldo Otegiri 2021era arte ezarritako inhabilitazioa kendu egingo liokete. Bost auzipetuek epaiketa justurik izan ez zutela ebatzi zuen iaz Estrasburgok.
Espainiako Auzitegi Gorenak baimena eman du defentsak Bateragune auziko epaiaren aurka ezohiko helegitea aurkez dezan.
Errekurtsoa datorren astean aurkeztuko dute eta erabakia azkar hartuko dutela espero dute, Iñigo Iruin abokatuak Euskal Telebistan adierazi duenez.
Helegitea onartuko balitz, baliogabe geratuko litzateke Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta eta Arnaldo Otegi zigortu zituen epaia.
Kartzela-zigorrak osorik bete zituzten bostek, baina epaia indargabetuz gero, bertan behera geratuko litzateke Arnaldo Otegiren 2021eko otsailera arteko inhabilitazioa eta, ondorioz, datozen hauteskunde autonomikoetan EH Bilduren lehendakarigai izateko aukera izango luke.
Otegi, Diez, Jacinto, Rodriguez eta Zabaleta 2009ko urrian atxilotu zituzten, eta 2011ko irailean, Espainiako Auzitegi Nazionalak bostak zigortu zituen, ezker abertzalearen estrategia berria ETAren agindupean egiten ari zirela egotzita.
2012an, Gorenak epaia berretsi zuen, kartzela-zigorrak apur bat murriztuta. Eta 2014an, Auzitegi Konstituzionalak Gorenaren ebazpena berritsi zuen.
Alabaina, 2018ko azaroan, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak bost auzipetuek epaiketa justurik izan ez zutela ebatzi zuen, Angela Murillo Auzitegi Nazionaleko epailea inpartziala izan ez zela iritzita.
Zabaleta, Jacinto eta Rodriguez 2015eko urriaren 11n geratu ziren libre; Otegi, 2016ko martxoaren 1ean; eta Diez, 2017ko abuztuaren 17an.