Itxi

EAEko aurrekontuak

Podemosek aurrekontuak negoziatzen jarraituko du Equorekin eta Ezker Anitza-IU gabe

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Ezker Anitzak aurrekontuei ezetz negoziatu eta bozkatzeko hartutako erabakiak ez luke eraginik izango kontuak onartzeko orduan, baldin eta azkenean EAJrekin eta PSE-EErekin akordioa badago.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Lander Martinez Podemos Euskadiko idazkari nagusiak astelehen honetan iragarri duenez, bere alderdiak eta Equok aurrekontuak negoziatzen jarraituko dute aste honetan Eusko Jaurlaritzarekin, eta bere erreklamazioetako bat bera ere ez da marra gorria izango.

Bilbon emandako prentsaurreko batean, Martinezek azaldu du Ezker Anitzak, koalizioko hirugarren kideak, aurrekontuei ezetz bozkatzea eta ez negoziatzea koalizioan "hitz egindako eta adostutako irizpide-ezberdintasuna" dela, eta azpimarratu du ez lukeela eraginik izango kontuen onarpenean, akordiorik badago, EAJk eta PSE-EEk bi abstentzio baino ez dituztelako behar kontuak aurrera ateratzeko.

Martinezek iragarri du gaur bertan deituko diola Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuari negoziazio bilera berri bat hitzartzeko, hasiera batean datorren ostiralean egitekoa dena.

Martinezek azaldu duenez, zortzi puntu jasotzen ditu Elkarrekin Podemosek Eusko Jaurlaritzari aurkeztu zion proposamena, guztira 350 milioi euro, baina horietako bakar bat ere ez da "marra gorri" bat, eta jakitun dira negoziazio orotan "amore ematea tokatzen" dela.

Hala ere, "Eusko Jaurlaritzak erantzun zehatzagoa eman beharko digu gure proposamenari eta dituzten mugimendu marjina zehatzei", adierazi du.

Haren ustez, azken hilabeteetan Eusko Jaurlaritza Elkarrekin Podemosek defendatutako postulatuetara hurbildu da, eta orain "lehentasunezkotzat jotzen ditugun gaietan gure arrastoa utziko duen negoziazio baterako tarte eraginkorra dago".

Lehentasun horiek honako hauek dira, azaldu duenez: familia, gazte eta enpresentzako "ezkutu" bat eraikitzea datorren krisiaren aurrean, eta berdintasun-politiketan aurrera egitea, "larrialdi klimatikoari" erantzutea eta "bi abiaduretako Euskadiri amaiera ematea, bai sozialki, bai lurraldeari dagokionez".

Podemos Euskadiko idazkari nagusiak bereizi egin du EAEko negoziazioa, PSOEk eta Unidas Podemosek Estatuko Gobernurako alderdi nazionalistekin duten negoziaziotik.

"Madrilen gertatzen denak ez du eraginik hemen; hemen dezente denbora gehiago daramagu aurrekontuetako akordiorako lanean Madrilgo Gobernu akordioa baino", adierazi du.

Albisteak (2)

Bideoak (1)