Itxi

Biktimak

ETAko kide ohien aldeko omenaldiak galarazteko eskatu dio AVTk Urkulluri

agentziak | erredakzioa

Leer en Castellano

"Heroien harrerak eta omenaldiak egiten jarraitzen dute, eta bonba-autoak eta garondoko tiroa da haien meritu bakarra", salatu dute lehendakariaren aurrean.

Araluce eta Urkullu, erakusketaren aurkezpenean, Bilbon. Argazkia: Efe

Maite Araluce Terrorismoaren Biktimen Elkarteko (AVT) presidenteak "ahal duten guztia" egiteko eskatu die erakundeei, ETAko kide ohiek "egunero" kalean omenaldirik jaso ez dezaten.

Araluce Juan Maria Araluce ETAk 1976an hil tiroz hil zuen Gipuzkoako Aldundiko presidentearen alaba da, eta Gogora Memoriaren Euskal Institutuan egin ditu adierazpenok, Iñigo Lehendakaria ondoan zela, "Vivir sin miedo, Vivir con memoria" erakusketaren aurkezpenean.

Aralucek lehendakariaren, Jesus Loza Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren, Ertzaintzako buruzagien, PSE-EEko eta PPko ordezkarien eta Pili Zabala Elkarrekin Podemosen legebiltzarkidearen aurrean azaldu duenez, "ETAk ez du hiltzen, baina kaleko isekak bere horretan dirau".

"Heroien harrerak eta omenaldiak egiten jarraitzen dute, eta bonba-autoak eta garondoko tiroa da haien meritu bakarra. ETAren aldeko pintaketak hor daude, krimenak egin ziren lekuetan. Eta gure hildakoen omenezko plaka eta monolitoen aurkako erasoak egiten dituzte", gaineratu du.

"Memoria historikoa horren presente dagoen honetan, denon betebeharra, agintariena bereziki, da gure hildakoei aitorpena egitea eta hiltzaileek omenaldirik ez jasotzea", zehaztu du.

Urkulluk, bere aldetik, AVTk eta biktimen elkarteek orokorrean egindako lana goraipatu du "terrorismoaren biktimen errealitatea gizartearen, politikaren eta erakundeen agendan" sartzeagatik, eta AVTrekin desadostasunak izan dituzten arren "batzen gaituena komunean jartzen" jakin dutela nabarmendu du.

"Erakusketa honek arretaren erdian jartzen ditu terrorismoaren biktimak. Pertsonak gerturatzen dizkigu, izen-abizenekin, oso bizitza konkretuekin. Injustiziak injustizia, eta sufrimendua sufrimendu, duintasunaren esanaia erakusten jakin dutenak", azpimarratu du.

"Horien testigantzek balio zenbaezina dute iraganaren memoria kritikorako, hezkuntzarako eta berriro gerta ez dadin. Hala ere, garrantzitsuena da biktimen lekukotzak ez duela iraganera soilik begiratzen, etorkizunera eta bizikidetzara ere bai. Beldurrik gabeko memoria duen bizikidetzara", azaldu du.