Itxi

Kartzela politika

Sarek presoen seme-alaben 'behar pedagogikoei' erantzuteko eskatu du

agentziak | erredakzioa

Leer en Castellano

Sarek egindako ikerketa horren arabera, "irakasleek ez dute egoerari aurre egiteko baliabiderik".

Haurrak eskolan sartzen. Argazkia: EiTB

Sare euskal presoen eskubideen aldeko plataformak gogorarazi du presoen seme-alabek "behar pedagokio bereziak" dituztela, eta erantzuna eman behar zaiela, gurasoen "urruntze politikak" eta "espetxeak" eragina dutelako adingabeengan.

Sarek txostena egin du 'motxiladun haur' deituriko horien inguruan, eta Eusko Jaurlaritzaren Heskuntza Sailari eta "eskola komunitateko beste eragile batzuei" helaraziko diete, gurasoetako bat gutxienez preso duten 104 adingaberen irakasleei ez ezik, Esti Amenabarro eta Marian Bilbatua ikerketaren egileek jakinarazi dutenez.

Azpimarratu dute gurasoak bisitatzeko bidaiek "nekea" eragiten diela adingabeei, eta horrek eragina duela errendimenduan eta eskolatik kanpoko jardueretan, asteburuetan izaten baitira.

Bilbatuak esan du egoera horrek "eskola komunitate osoaren" erantzuna behar duela "hezkuntza barne-hartzailearen" ikuspegitik, eta gogorarazi du kontzeptu hori Eusko Jaurlaritzaren plan estrategikoan agertzen dela.

Sareren ikerketaren arabera, adingabe horien errealitatea "ikusezina" izaten da hezkunza arloan, baina "kontuan hartu beharrekoa" da.

Egoera hori pairatzen duten adingabeekin eta horien gurasoekin lau eskolatan elkarrizketak izan ostean, ikertzaileek ondorioztatu dute haur horiek "babestu" egin behar direla, eta "euren esperientziak partekatzeko egoerak erraztu".

Era berean, Sareren ikerketan agertzen da irakasleak ez daudela egoera horiei aurre egiteko prestatuta, eta "baliabide didaktikoak" eskatu ditu gai hau ikasgeletan jorratzeko.